Elgoibarko parroki eliza

Luis Ezenarro historialariak, Elgoibarko 1955eko zaindariaren jaietako programan (Las campanas de mi pueblo), parroki elizako kanpai hotsak eta haien funtzioak azaltzen ditu:  Kanpai txikiena, Santa Barbara deiturikoa da eta geltoki aldera dagoen balkoian kokatua dago. Antonio de la Hoiak 1826an egindakoa da eta aurreko egurrezko kanpai-etxearen ordez burdinezko bat dauka egun. Bakarrik jotzen zuenean, parrokiako bederatziurrenak iragartzeko zen.  Herriko zati handienari begira dagoen balkoian DADAN edo ESKILOIA (1806) izeneko kanpaia (dunba edo kanpai handia) dago. San Bartolomeri eskainitakoa da, eta festa handien bezperan iraulketa-kanpai handien artean jotzen zuen lehena zen.

Gaur egun, bakarka “aingeruaren kanpaia” izenekoaren deia bakarrik jotzen du, umeren bati lur-ematean. Baina oraindik ere, askotan festa giroa ematen entzuten dugu DINDInarekin batera. Kanpai txikiagoa da eta hots altuagoa dauka, Goiko-Errotara begira dago eta San Antoni eskainitakoa da. DANDANak eta DINDINak, sakristauak erritmo handiarekin jota (dan…dan din din dan…) melodia bakarra, erraza, xaloa eta alaia osatzen dute. Melodia hori meza nagusia eta bezperen aurretik jotzen da, eta inguruko mendi-auzunetako ermitetara doazen prozesio eta erromerietan ere jotzen da.

DUNDUN kanpaia Elgoibarko zaharrena eta handiena da. Martin de Ingagak eta Francisco de Sautok 1673an egin zuten, eta Olasoko parrokia zaharrarena izango zen lehenago, "Olasoko kapaia" izenaz ezagutzen delako bakarrik jotzen denean. Emandako kanpai-dangaden arabera, erreguteak edo apaizak elizpean ekaitz mehatxugarri baten aurkako konjuru bat egin behar duela iragartzen du. Egunsentia ere iragartzen du, herritarrak Angelusa errezatzera deituz (baita eguerdian eta iluntzean ere). Kanpai-dei horren berezitasun bakarra hau da: Angeluserako deia amaitu eta gero, 33 kanpai-danbada ematen ditu, Azkoitian arratsaldeko 3etan  urteko ostiral guztietan egiten den bezala. Adibidez,  gauetan, SU-KANPAIArekin txandakatuta, arima kanpai-deiak joz, gure defuntuekiko betebeharrak gogorarazten dizkigu.

Luis Ezenarrok ere biderakoen 14 kanpai-danbadak ere aipatzen ditu, bukaeran hamabosgarrena jotzen bazen, gaixoa baserriren batekoa zela esan nahi zuela, eta bestela, kalekoa zela