Pintatu eta haria ematea, lan korapilatsua

Ibilgailua amaitzeko azken pausoetako bat bidaiari-lekua pintatzea zen. Lan hori ere bezeroaren gustura egiten zen, eta brotxaz zazpi pintura- geruza ematera irits zitezkeen. Lehenbizi oinarri gisa erabiltzen zen pintura egiten zen Albayalde (berunezko zuria), kearen beltza, egositako linazi-olioa eta lehortzailea erabiliz. Horren geruza bat eman ondoren, prestagai geruza bat ematen zitzaion, lehortzen uzten zen, eta ondoren apar-harriz edo lizpaperrez fin-fin lixatzen zen. Hirugarren geruza, marfil beltza, lehortzailea eta agoarrasa nahastuz lortzen zen fondoa zen. Lehortzean matea geratzen zen. Jarraian nahi zen pintura kolorez margotzen zen "bezeroaren gustuko kolorez geruza pare bat ematen zitzaion”, eta azkenik berniz garden geruza pare bat ematen zitzaizkion. Pauso bakoitza amaitzean, dena ondo lixatzen zen, ahalik eta gainazal leunenak lortzeko.

Kasu askotan hariztaketa ere egiten zen, hau da, eskuz, pintzel batekin, kolore ezberdinetako marra finak egitea, karrozeria inguratuz.

Marra horiek oso akabera dotorea ematen zien ibilgailuei, eta lan hori egiten zuten langileek eskarmentu handia eduki behar zuten. Gurpiletako hegatsak eta motorraren estalkiak txapaz egiten ziren, ahalik eta forma bakunenekin. Materiala buru makurreko esku-mailuekin eta forma bereko tasekin kolpatzen zen.

IrizarIrizar metalezko karrozeria jartzen hasi zen lehen enpresetako bat izan zen. Lantegiaren zati bate itxura, 1957an (Irizar Koop. Sozietateak utzitakoa).