Ebanista trebe eta eskarmentudunen lana

1930 eta 1940ko hamarkada arte, Euskal Herriko ibilgailu-karrozariak ebanista trebe eta eskarmentudunak ziren, gehienak XIX. mende bukaeran gurdietako gurpilak egiten arituak (Markina, Irizar 1889, Stinus eta abar).

Era askotako karrozeria-modeloak eraikitzen zituzten. Modelo horiek, askotan Frantzian argitaratutako katalogoetan aukeratzen ziren. Katalogo horiek benetako tamainako planoak izaten zituzten, eta horien arabera egiten ziren karrozeriak, betiere ahalik eta egitura trinko eta arinena eginez.

Piezak, paper lodian marrazten ziren benetako tamainan (zatar-papera izan zitekeen), mahai handi baten gainean. Paperezko eredu edo txantiloi horiek egurrezko ohol fin batzuen gainean jartzen ziren, jarraian ohol horiek punteatu egiten ziren, horrela benetako tamainako ereduak eskuratzeko. Txantiloi horiek egur gainean jarri eta markatu ondoren, behin-betiko piezak mozten zituzten zinta-zerrarekin. Piezak elkarren artean lotzeko, pieza har eta emeak mihiztatu eta kolatu egiten ziren. Lotura horiek oso zurrunak izaten ziren, ibilgailuaren mugimendua eta urteak ondo jasateko. Pieza zailenak lotzeko, zaldi-gurdien kasuan bezalaxe, errementerian egiten ziren burdinazko angeluekin indartzen ziren piezen arteko loturak. Gero, burdina puska horiek, eta baita egurrezko junturak ere, kabinaren barnealdea tapizatzeko erabiltzen zuten oihalarekin estaltzen ziren. Lan hori tapizatzaile-apaintzaileak egiten zuen.

Ateak eta alboak 8 milimetroko egur bigunez estaltzen ziren, gehienetan okume edo Gineako zurez. Ohol horiek kanpoko aldetik busti eta barneko aldetik berotu egiten ziren, tolestu eta hala haiei nahi zen forma emateko. Jarraian, karrozeria osoa eusten zuen egurrezko egituran, ohol horiek kolatu egiten ziren. Askotan, ohol horiek pitzatzen zirenez, barneko aldetik oihal gogor bat itsasten zitzaien, edo bestela, barneko aldean egur puska txikiak itsasten ziren, kolaz.

Eserlekuak egurrezko egitura batean oinarrituta egiten ziren. Bertan zingila batzuk tenkatzen ziren, eta horiek malguki kiribilak eusten zituzten. Hori guztia zurdaz eta olanazko oihal gogor batekin estaltzen zuten. Halaber, esrlekuen bizkarraldeak era berean egiten ziren, baina kasu horretan, malgukiak ez ziren horren gogorrak izaten. Gainera egitura karrozerian finkatzen zen. Jarraian, eserlekuak nahiz bizkarraldeak tapizatu egiten ziren, orokorrean behi-larruz. Horretarako, larrua paperezko ereduei jarraiki mozten zen.

Zingilak elkar  gurutzatzen ziren, eta ondoren malgukietara sokaz lotzen ziren. Malgukien puntak egituran sartzen ziren, eserlekua zurrun gera zedin.

Eskulekuak, aginteak, apaindurak eta agerian geratzen ziren piezak letoizkoak izaten ziren. Giltzarriak eta burdinazko kristal-jasogailuak katalogoan aukeratzen ziren, eta Bartzelonan erosi edo Frantziatik inportatzen ziren. Baita ere ohikoa izaten zen, ibilgailu barneko aginteek larruzko erremateak izatea.

Askotan, aukeratutako modeloak torpedo kapota izaten zuen. Kapota hori egiteko metalezko konpas antzekoak egiten ziren errementerian, edo bestela erosi egiten ziren. Metalezko konpas edo uztai eraisgarri horiek oihal iragazgaiztuz egindako olana eusten zuten. Horretarako, aurreko eta atzeko aldean, egurrezko langet bat jartzen zen, eta langet hori uztai bakoitzaren gainean eusten zen, bertan lotuta zeuden kuxinetan. Horrela, kapotari forma borobilagoa ematea lortzen zen.

Sabai finkoa jartzea aukeratzen bazen, egituran hainbat mihiztatutako uztaitxo kolatzen ziren.

Jarraian, uztaitxo horien gainean ohol fin batzuk iltzatzen ziren, gero juntura guztiak kontu handiz lixatzen ziren, eta azkenik, horren gainean, ondo tenkatuta, larru puska handi bat jarri eta inguru osoan iltzatzen zen.

ruedas de carrosEuskal Herriko karrozari asko gurdietarako gurpilak negiten hasi ziren lanbidean. (Kutxa Fototeka).

taller de MarquinaConstrucción de un lateral de coche de caballos en el taller de Marquina Hnos. (arenal de Sr. Gros de San Sebastián). Posteriormente se dedicaron al carrozado de vehículos a motor (cedida por Luis Stinus Sorondo).

CamiónCamión dedicado al transporte en 1920. (Fototeka Kutxa).

AutobúsCarrozado de un autobús de "la Esperanza" en el exterior del Garage Stinus de San Sebastián en 1946. (Fototeka Kutxa).