Produktuak eta egite prozesua

Blanka Gomez de Segurak ahalegina egiten du euskal buztingintza tradizionalaren piezak erabateko fideltasunez kopiatzeko, gure nortasunaren eta gure herri kulturaren isla baitira.

Ollerietako bere lantegi-eskolan baditu enkarguz kopiatzen dituen jatorrizko zenbait pieza (platerak, ontziak, pitxerrak, tinak...), hainbat kolorez apainduak. Baxera serie txikiak ere egiten ditu, gresez, material erresistentea eta egunero erabiltzeko egokia da eta.

Produktua prestatzeko prozesuaren hasiera lehengaia eskuratzea zen; horretarako bi buztin mota erabiltzen ziren: gorria eta zuria, eltzetegiaren inguruan eskuratuak biak. Buztina urtebetez kanpoan laga eta gero, prestatu egin behar zen. Horretarako bi putzu erabiltzen ziren, buztina irabiatzeko lehena eta dekantatzeko bigarrena. Nahasketa prestatzeko, laurden bat buztinzuri eta hiru laurden buztingorri jartzen ziren. Prozesu hau aldatuz joan da urtetan zehar, garaian garaiko zertzeladetara egokitzearren. Gaur egun buztina inguruan ateratzen segitzen du, baina gehiena Bartzelonan erosten du.

Diseinua euskal buztingintzako tradizionala da, hainbat apainduraz hornitua. Hasteko hiru bat kilo buztin bereizten dira –aurrez prestatua da- , eta tornuan jartzen dira, eskuez presioa eginez harik eta nahi den forma ematen zaion arte. Horrek trebetasuna eta eskarmentu handia eskatzen du. Hurrengo pausoa pieza lehortzen uztea da, hainbat egunez normalean, hezetasun guztia galtzen duen arte. Lehor dagoenean, metro kubiko bateko labe elektriko batean sartzen da, hamar bat orduz, lehenik poliki berotuz 650ºko tenperaturara iritsi arte, eta gero bizkorrago igoz 980ºko tenperaturara. Hozteak ere beste hamar ordu behar ditu. Zeramikazko pieza hauek esmaltatzeko beira-hautsa erabiltzen da, eta hau eman ondoren berriro sartzen dira labean, 980ºko tenperaturan, hautsa finkatzeko.

Lantegi-eskolan egiten diren piezen eskatzaile behinenak bildumagileak, dekoratzaileak, eta sari edo opari gisa erabiltzen dituzten erakunde publikoak dira.

Zeramika historikoakZeramika historikoak Euskal Buztingintza Museoan. (Argazkia: Julen Zabaleta).