Produktuak eta horien komertzializazioa

Karmeleren iritziz, beira mota guztiak apain daitezke, Clarglas granulatu, Rolla eta azidoz tratatutakoak izan ezik. Etxerako objektuak apaintzea da ohikoena.

Etxeko artikuluetarako egindako diseinuek ukitu alaia ematen diote etxeari. Ondorengoak egiten ditu: ispiluak, leihoak, ateak, bionboak, komuneko manparak eta sukaldeko hamaika tresna, besteak beste, pitxerrak, botilak, edalontziak, arrain-ontziak eta tiffany motako lanparak.

Karmelek berak apaindutako objektuen erosleek zabaltzen duten informazioaren bidez lortzen ditu enkargu gehienak. Horri gaineratu behar zaizkio Artisau Azoka, espezializatutako denda eta web orrian egiten duen ekarpenari esker lortzen dituenak.

Artisauak adierazi digunez, alde nabarmena dago gure merkatuan egiten den produktu hauen eskaritik mugaz bestalde egiten den eskarira; izan ere, beste aldean interes handiagoa dago produktu hauekiko.