Produkzio prozedura

Beirateen kasuan hasierako fasea, diseinua, eskatutakoa egin aurretikoa, oso garrantzitsua da eta artisauaren lanaren zatirik sortzaileena dela esan dezakegu. Diseinua egiterakoan oso argi izan behar du non kokatuko den (orientazioa, altuera), batez ere, argiaren intentsitatea aztertzeko, honek eragina izango baitu erabiliko diren koloreak hautatzeko orduan. Ondoren, tamaina txikian, beiratearen edukia definituko da (motiboak, irudiak , marrazkiak) lan honetan bozetogintza deitzen dena. Lan hori, artistak, zenbaitetan, erosleak duen ideia batetik abiatuta egiten du, eta besteetan, bere irudimenetik abiatuta. Zenbaitetan kontrako egoera ematen da, hau da: eskatzaileak baliabide ekonomiko jakin batzuk ditu eta artisaua horietara makurtu beharrean aurkitzen da.

Obra definitzeak beiratearen aurrekontua egiteko aukera ematen du, eta enkargua lortzea ahalbideratzen du.

Beiratea egiteko enkargua lortu ondoren, bozetoan egindakoa paperean berregin behar da, baina benetako tamainan, zati ezberdinak definitu eta zenbatu egin behar dira eta egitura osatuko duten beiren koloreak zehaztu behar dira. Lan honek ofizioaren ezagutza handia eskatzen du, esperientzia bidezko jakinduriak ematen duena.

Erabiliko diren beirak hautatu ondoren, banan-banan bozetoaren (paper zurian egina) gainean ipintzen dira. Beiraren gardentasunak, marrazkia ikusteko aukera ematen du, eta horrela badakigu ebakitzeko marra nondik doan. Beiraren gardentasun mailak diseinua ikusteko aukerarik ematen ez badu argiaren mahaia edo bozetoaren kopia bat erabil daiteke.

Beira mozteko tungstenozko karburo errulina bat duen ebakitzaile bat erabiltzen da, eta hori olioztatu eta kontserbatzen laguntzen duen olio depositu bat. Garai batean, diamantea erabiltzen zen ebakitzeko tresna gisara, baina gaur egun, erruletek duten efikaziak alde batera utzi ditu tradizioko tresna horiek.

Jaime Septien trabajando Jaime Septién Parras artisaua beirate bat egiten ari dela.

Beira pieza guztien ertzak mate jartzen dira, gainazal uniformea lortu arte, horretarako, diamantezko fresa duen  leuntzailea erabiltzen da, eta libratzen diren beira zatiak sistema hidrauliko baten bidez hozten dira, oso kaltegarriak baitira osasunerako. Ertzak leundu ondoren, pieza guztiak haserako marrazkiaren gainean jartzen dira eta elkarren arteko loturari ekiten zaio, lotura horrek diseinuaren parekoa, hau da perfektua, izan behar du, lana ondo bukatzeko.

Jarraian, prozedura jarraitzeko beirazko pieza guztiak enmarkatu egiten dira kobrezko zinta autoeransgarri batekin. Zinta horrek zabalera desberdinak izan ditzake, erabilienak 5,7 mm-koak dira. Ondoren plantxari ekiten zaio kobrea beirari ondo itsatsita gera dakion. Beira zatika behin betiko lekuan jarri eta elkarrekin ondo lotzen direla frogatu ondoren, kobre lotura guztiak eztainu (%60) eta berun (%40) aleazio batekin soldatzen dira. Lehenengo, beiratearen alderdi bat eta gero bestea. Aurretik dekapatzaile bat jartzen zaio eransgarritasuna errazteko. Lan honetako 75 edo 105 watteko soldadore bat erabiltzen da.

Prozedura amaitu aurretik beiratea garbitu egiten da. Lan honetarako ura eta gantza kentzeko xaboia erabiltzen da, eta amaitzeko dena ondo lehortu behar da. Oso garrantzitsua da soldadura lerroak ondo lehortzea dekapatzaile arrastoek soldaduretan eragin kaltegarririk izan ez dezaten.

Amaitzeko, beiratearen inguruan zumitz laminatu bat ipintzen da, guztia  errematatzeko eta sendotasun gehiago emateko.

Erabilera arrunteko artikuluak edo beirateak baino apaingarri txikiagoak egiterakoan ere, sorkuntza prozedura, oinarrian, bera da; hori bai, egingo den piezaren ezaugarriei egokituta.

Erlojua Tiffany teknika erabiliz egindako apaingarria.