Laneko baldintzak

Espezialista hauek Estatuko funtzionarioen ezaugarri berak dituzte, baina askotan hirigune nagusietatik urruti dauden herrietako bulegoetan lan egin behar izan dutelako, tokian tokiko ohiturak bereganatu dituzte.

Bodasek adierazi duenez, telegrafistek astean sei egunez lan egiten zuten, igandeetan jai eginez. Laneko ordutegia 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izaten zen. Alabaina, kasu batzuetan, Barakaldon esaterako, bulegoa igandeetan ere irekitzen zuten, gainera arratsaldeetan ere bai, 2 orduz bada ere. Igandetako lana batez ere langile etorkinei begira izaten zen, horiek sarri dirua bidali beharra izaten baitzuten. Egunero-egunero, telegrafo edo telex bidez, Bilboko bulegotik jasotzen zuten bulegoa itxi eta etxera joateko baimena.

Ordainsariak industriakoak baino txikiagoak izaten ziren, "baina Estatuaren langileak ziren". Vicente Calvok gogoratzen duenez, telegrafoetan lanean hasi zenean, 1947an, "bi pezeta ordaintzen zizkion bulegoko buruak", baina "urte batzuk geroago 5 pezeta irabazten hasi zen banaketa sari gisa".

Telegrafistek, postariek bezala, txartel batekin zoriontzen zituzten telegrama edo diru igorpena eskuz jasotzen zuten hartzaileak; eta horiek ohiz gabonsariren bat ematen zieten.

Herriren batean langile bat baino gehiagok lan egiten bazuen, sarri, langile burua Telegrafos instituzioaren jabetzako etxebizitzan bizitzen zen, eta etxebizitza hori ohiz bulegoa zegoen eraikinean bertan edo inguruan egoten zen.

Hutsik zeuden lanpostuak betetzeko, lehiaketak egiten zituzten eta lanpostua meritu gehien erakusten zuenari ematen. Hori guztia Madrilen egiten zen.

Erakunde militarren eragina telegrafisten jantzietan ere antzematen zen. Horiek itsas-urdin koloreko saharar jaka janzten zuten. Zerbitzu teknikoko buruek besaburuko horiak eramaten zituzten, kategoria zehazteko marra batzuekin eta kolore horiko botoiekin. Laguntzaileen ezaugarriak kolore zurikoak izaten ziren.

Komunikabide berrien etorrerarekin (telex, fax, posta elektronikoa) telegrafisten lanbidea gutxituz joan zen erabat desagertzeraino. Aurretik autonomia jada galduta zuten Postarekin bat egitean. Telegrafistek postariei "almaceneros" deitzen omen zieten.

Telegrafista militarrakTelegrafista militarrak XX. mendearen hasieran. (Jon Gutiérrezek utzitakoa).