Ekoizpen prozesua

Ana Yabarrek merkatuan erosten ditu landu eta apaindu nahi dituen beirazko, potasio-beirazko edo beira birziklatuzko produktuak. Batzuetan beira urtua ere (fusing) erosten du.

Ekoizpen prozesua nabarmen aldatzen da lantzen den artikuluaren ezaugarrien arabera (azal laua edo kurbatua duten artikuluak, esaterako). Hala eta guztiz ere, lana ongi egiteaz gain, artikulu guztien kalitatean eragin handia du beirazko objektuaren gainean artistak tailatu nahi duen motibo edo marrazkiak. Hori dela eta, funtsezkoak dira artistaren estetika zentzua eta sormenerako gaitasuna.

Torno Antzinako artisau tornua, kristala eta beira lantzeko erabilia.

Pulidora Antzinako leuntzeko makina, kristal edo beiran egindako ebaketei distira emateko erabilia.

Prozesua diamantezko gurpilak eta esmerila dituen tornuan hasten da. Tresna horrekin, beiraren gainean aldez aurretik errotuladorez markatutako diseinuak gauzatzen dira. Batzuetan pieza partzialki arpatzen da, eta horretarako landu nahi ez den zatia estali egiten da. Arpatzeko lanaren bitartez, beira garden egiten duen lehenengo kapa kentzen da. Lan hori burutzeko bi eskuak hondar-zurrustan (zorro itxurako zuloak dituen kabina itxia) sartzen dira, pieza hondar-zurrusta finkoaren azpian eutsita.

Ondorengo lana egiteko kortxozko haginak dituen leuntzeko makina eta apar-harrizko pasta erabiltzen dira. Helburua da egindako mozketak berriro ere gardenak izatea.

Piezak eskuz koloreztatzen dira, mineral nahasketarekin egindako hainbat lustre komertzialekin: mineral urgarriak kolorea agertzeko beharrezkoa den tenperatua jartzen du, eta mineral finkatzaileak kolorea finkatzen du. Noiz edo noiz esmalteak ere erabiltzen dira. Zaila da jakitea lan horrekin gustuko emaitza lortuko den ala ez; izan ere, hasiera batean lustreek ez dute kolorerik, labean beiratzeko prozesuaren ondoren hartzen dute. Lustreen beste ezaugarrietako bat da koloreak nahasteko ezintasuna, eta, hori dela eta, bitarteko koloreak lortzeko pieza behin eta berriro sartu behar da labean, koloreak bata bestearen gainean jarriz.

Jarraian motiboak grabatu behar dira, diamantezko punta duen grabatzaile bat erabiliz (arkatz elektriko birakaria).

Bukatzeko, lortutako piezak garbitu eta enbalatu besterik ez da egin behar.

Ana YabarAna Yabar 2000. urtean, pieza bat margotzen.