Gaur egungo burdin saregileak: Martin-Ibarratarrak

Francisco Martin Aiestaran (1929) eta Maite Ibarra Mariezkurrena (1937) senar-emazteak 1958an hasi ziren errementaritzan. Lantegia Elorriagako (Nafarroa) Lekuona Etxean ezarri zuten, eta oraindik ere hantxe jarraitzen dute. Lantegia, iraganekoak bezalaxe, txikia eta iluna da, eta usadiozko instalazioen ezaugarri guztiak mantentzen ditu.

Hasiera batean era guztietako lanak egiten zituzten, herriko eta inguruko eskariaren arabera. Denbora aurrera joan hala, forjaketa artistikoari ekin zioten, eta gaur egun horretan diraute. Hesiak, eskudelak, mahaiak, aulkiak, lanparak, oheak, eta burdinazko apaingarriak egiten dituzte usadiozko forjaketa metodoak erabiliz, eta burdinazko elementu artistikoak eskuz egiten dituzte, iraganeko maisu burdin saregileek bezalaxe.

Carlos MartinCarlos Martin Ibarra familiako lantegian, jardunean. (Argazkia Javier Carballo. {12/96).

Forjaketa artistikoa lantegian bertan ikasi zuten, egunez egun topatzen zituzten oztopoak gaindituz. Horrez gain, besteen lana behatzen zuten eta argitalpen espezializatuak ere aztertzen zituzten.

Gehienetan, diseinuak beraiek egiten dituzte, eta horretarako askotan argitalpen espezializatuetan oinarritzen dira, usadioz erabili diren irudiak beraien irudimenarekin eta gustu onarekin bateratzen dituzte, egin beharreko lana bezeroaren gustuetara eta lana ezarriko den lekura egokitzeko. Izan ere, gehienetan, bezeroak iristen zaizkienean, ez dute ideia argirik izaten nahi dutenari buruz.

Diseinuak paperean egiten dituzte, eta pieza apaingarrien kasuan, benetako tamainan, gero bezeroari erakutsi eta honek onespena eman dezan.

Hasiera batean, metalezko mahaiko sutegia jarri zuten lantegian, baina berehala adreiluzko sutegi bat jarri zuten, lantegiko horma batera atxikita, eta suburu handi batekin, horrela sutegiko ikatza erretzean sortzen den kea kanporatzeko.

Halaber, 200 kiloko ingude handi bat ezarri zuten lantegiaren erdialdean, egur enbor handi baten gainean. Horrez gain, esku-zizaila bat, zutabedun zulatzeko makina bat, soldadura autogenoa, lan-mahai bat eta oindun tornuzil bat ere jarri zituzten. 1965 aldera, soldadura elektrikoa erabiltzen hasi ziren; 1982 aldera, gabia bat, eta 1990ean kurbatzeko makina bat.

Lantegian era guztietako erremintak ikus daitezke: esaterako, era eta tamaina guztietako mailuak, kirten luzeko egurrezko mazoak, paletak, taielak, puntza-zizelak, asentagailuak, hotzeko zizelak, ziriak, estanpa edo trokelak, txantiloiak, tasak nahiz era eta tamaina askotako kurrikak. Tresna gehienak beraiek egin dituzte, lanerako behar izan dituzten heinean. Beste tresna batzuk ixten joan ziren errementerietatik jaso zituzten.