Diseinua, formak

Usadiozko burdin saregileek, eta gaur egungoak ere, enkargu bidez egiten dute lan, eta garai bakoitzeko gustu nahiz modek eragin handia dute haien diseinuetan.

XV. mende aldera, Euskal Herrian gotiko estilo burdin sareak egiten ziren: ebakidura karratuko barra bertikalez osatuak izaten ziren, lauak edo bihurrituak, eta erdialdean ireki egiten ziren, erronbo, karratu edo bihotz forma osatuz.

XVI. mendean zehar, Berpizkundearekin batera, Euskal Herriko elizetako burdin sareetan nahiz eraikin zibiletan (udaletxeak eta hirietako jauregietan) balaustrea erabiltzen hasi zen. Ohitura hori XVII. eta XVIII. mendean mantendu egin zen. Balaustre hori ebakidura borobileko barrez osatua zegoen. Barra bakoitza zabaldu egiten zen, bai eraztun forman edo bestela udare edo erraboila forman. Batzuetan gainazal laua izaten zuten, baina bestetan akanto hosto formako xafla zizelkatuak izaten zituzten, eta horiek kalda teknikaren arabera erraboilara soldatzen ziren, lokots antzekoak sortuz. Eliza eta kaperatako burdin sareetan, baita eraikin garrantzitsuetako balkoietako burdin sareetan ere, angeluetan eta distantzia jakin batera, balaustre lodiagoak jartzen ziren, landare forma emanez bozeltzen zirenak.

XVIII. mendean eta handik aurrera, hirietako etxebizitza arruntetan balkoiak jartzen hasi zirenean, modelo bakunagoak erabiltzen hasi ziren. Balkoi horietan barra finagoak jartzen zituzten, eta jarraian hagunen bidez horizontalki elkartzen ziren. Barren arteko hutsuneak era guztietako irudiekin betetzen ziren: esaterako eseak, uztaiak eta kurbak (hagunekin egindakoak), baita kiribilak eta gerri edo begizta formako irudiak ere. Egia esateko, irudi gehienak oso antzekoak ziren, baina baranda edo burdin sare osoan behar bezala konbinatuz gero, forma ezberdin ugari sortu zitezkeen, eta gainera burdin sarea zurruntzen zuten.

Ertzak zanpatu egiten ziren paletak sortuz, edo bestela bihurritu egiten ziren kiribilak sortuz. Ebakidura karratuko barrak kizkurtu egiten ziren barra salomondar bihurtu arte, eta burdin hesiak lantza-punta edo lis-lore formako piezekin errematatzen ziren.

Balaustrearen diseinuaElgoibarko udaletxe berrirako forjatu zen balaustrearen diseinua. Gregorio Agirrek 1744ean diseinatu eta egina. GPAH L-l-1716, 81. orria.

Elgoibarko parrokiaren balkoiaren diseinuaElgoibarko parrokiaren balkoiaren diseinua. Gregorio Agirrek 1743an diseinatu eta egina. Eraikuntza kontratutik hartua. Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa, Oñati,L-l-17l3, 84. orria.

Neurriak zehazteko eskuairak eta konpasak erabiltzen ziren, baina baita ere ohikoa zen lana artisau bakoitzaren arabera egitea, neurririk erabili gabe, batez ere metala tenperatura egokira berotzean edo nahi zen forma emateko lantzean.

Diseinuaren konplexutasunak eta balioak zerikusi gehiago zeukan bezeroaren gustu eta estatusarekin edo lekuaren ezaugarriekin, burdin sarea egin zen garaiarekin edo estiloarekin baino.

Gaur egungo burdin saregileek, diseinu berri bat egiterako orduan, aldez aurretik egindako lan guztiak hartzen dituzte erreferentzia gisa. Horrez gain, liburuetatik estanpa edo irudiak ere ateratzen zituzten, baina hori guztia beren irudimenarekin bateratzen zuten, horrela beren lanak inguruarekin eta bezeroaren gustuekin bateratzeko. Izan ere, gehienetan, bezeroek ez zuten oso argi edukitzen zer nahi zuten.