Burdina forjatzeko teknikak

Burdin sare, eskudel edo bestelako burdinazko apaingarri bat egiteko behar ziren pieza guztiak egiteko, iraganeko burdin saregileek nahiz gaur egungoek, oinarrizko prozedura batzuk erabiltzen dituzte forma ezberdineko pieza ugari eskuratzeko. Prozedura horietan erreminta berezi ugari erabiltzen dituzte.

Ia pieza guztiak beroan lantzen dira. Horretarako, lehenbizi sutegian sartzen dira, gori-gori dauden ikatz pusken artean. Burdina berotzean gero eta deformagarriagoa izaten da. Deformagarritasun hori metal beroak hartzen duen kolore gorrixkaren tonuan ikusten da. Artisauak kolorearen arabera badaki zein tenperatura daukan piezak.

Horri esker, errementariak piezaren alde batzuk besteak baino gehiago berotu ditzake, eta horrekin batera, pieza (puntu egokietan) mailuz kolpatuz gero, piezaren alde batzuk besteak baino gehiago deformatzea lortuko du, eta horrela nahi dituen formak sor ditzake.

Oinarrizko eragiketen artean mozketa aipatu behar da. Taiel bat (ertz zorrotza duen mailu antzekoa) gori-gori dagoen piezaren gainean jartzen da, eta erremintarekin behin eta berriz kolpatuz, pieza banatzea lortzen da.

Barrak eta hagunak tolesteko, pieza ingudearen ertzean jartzen da eta mailuz kolpatzen da. Kurba bat egin nahi bada, pieza kono formako ertzean jartzen da. Bestela, pieza bat tolesteko beste modu bat materiala oinezko tornuan finkatu eta gako edo grifa batekin tolestea da.

Beste eragiketa berezi bat zulaketa da: barra bat erditik ireki eta botoi-zulo itxurako zulo bat egiten zaio erdian. Eragiketa hori materialik kendu gabe egiten da. Horretarako barra gori-gori dagoela ingude gainean jartzen da, zulatu beharreko gainazala taielaren ahoan jartzen da, eta jarraian gogor kolpatzen da, horrela piezan ebaki edo pitzadura bat egiteko. Piezaren alde bakoitza txandakatuz, eragiketa behin eta berriz errepikatzen da, alde batetik bestera doan pitzadura bat eskuratu arte. Jarraian, kolpe bidez, pitzaduran punta-zizel bat sartzen da, zuloa handitzeko. Zulo hori apaingarri gisa erabiltzen da gehienetan, edo bestela beste pieza bat pasatzen da bertatik, burdina-barrak ondo lotzeko.

Pieza zanpatu eta luzatzeko, hau ingudearen gainazal lauan jartzen da, eta mailu fin baten buruarekin kolpatzen da. Lehenbizi materiala zanpatu egiten da, eta ondorioz, luzatu ere egiten da. Eragiketa amaitzean paleta antzeko bat lortzen da, askotan apaingarri gisa baliagarria dena, haren gainean, mailuen kolpeen edo punta-zizel baten bidez, irudiak edo azaoak markatzen baitira.

Materiala luzatu nahi bada, mailu kolpe azkarrak ematen zaizkio, pieza behin eta berriz biratuz. Horrela, pieza findu eta luzatu egiten da.

Santo Domingo de la Calzadako Katedraleko santuaren hilobiko burdin hesiaSanto Domingo de la Calzadako Katedraleko santuaren hilobiko burdin hesia, Elgoibarreko Antonio de Elorzak, Pedro de la Sernarekin batera, XVIII. mendean egindakoa. Azken hau "Bizkaiako Enkarterrietako Turtzioz-Billaberden jaioa zen, eta han bizi izan zen'"

Askotan, ebakidura karratuko burdinazko barrak bihurritu egiten dira, horrela apaindura gisa erabiltzeko biribil edo bihurritu salomondarra eskuratuz. Horretarako, barra gori-gori dagoela, haren ertz bat oinezko tornuzilean finkatzen da, eta bestea giltza batekin heldu eta birarazi egiten da.

Barraskilo edo kiribil formako bihurrituak egiteko, hagun baten ertza bihurritzen da, piezaren burua osatu arte. Jarraian, buru hori txantiloiaren gainean jartzen da. Gero pieza txantiloia jarraituz bihurritzen da.

Forjaketan eta burdin saregintzan, oinarrizko eragiketa bat soldadura da, hau da, bi pieza ondo lotzea. Eragiketa hori sua erabiliz, kalda teknikari jarraiki egiten da. Horretarako, lotu beharreko piezak sutegian berotzen dira, eta sutegiari hauspoen bidez haizea emanez, piezak 1.300 ºC-ra berotzen dira. Tenperatura horretara iristen direnean, materialetik izar formako txinpartak ateratzen dira lerro zuzenean. Jarraian, lotu beharreko piezak ingude gainean jartzen dira eta mazoarekin azkar eta indar handiz kolpatzen dira, tenperaturaren eta kolpeen presioaren eraginez, bi gainazalak elkartu arte. Prozesu horrek oso azkarra izan behar du, materiala hozten bada ezin baita bigarren aldiz berotu.

Erraboilak edo lokotzak, hau da, balaustreen erdialdean kokatzen diren gune zabalagoak egiteko, materiala zanpatu edo handitu egiten da. Horretarako, landu beharreko eremua gori-gori jarri arte berotzen da. Barra bertikalean zintzilikatzen da, soka batekin helduta. Soka hori gelako sabaitik zintzilik dagoen txirrika batetik pasatzen da, eta jarraian pieza lurrean dagoen burdinazko xafla lodi baten kontra kolpatzen da. Kolpearen ondorioz, bero dagoen materiala zabaldu egiten da. Jarraian, forma ematen amaitzeko, nahi den irudia duten bi trokelen artean jartzen da, horiek ondo kolpatu dezaten.

Lokotsa horiek egiteko, barra borobilaren gainean materiala kaldan soldatzen da, eta jarraian horren gainean burdinazko xaflak soldatzen dira, gero hotzean zizelkatu eta hosto forma emateko.

Azkenik, kubo bat lau aurpegietatik pitzatu eta aldeak borobilean irekitzen dira, eta gero dena kiribildu egiten da. Prozedura horri esker, karratutxoz osatutako zabalketa bat eskuratzen da, oso apaingarria dena, eta pinaburu izenez ezagutzen dena.

Barra edo piezak errematxe bitartez lotzen dira, bi materialak zeharkatzen dituen ziri bat sartuz eta ertzak mailuz zapalduz. Bien bitartean, laguntzaileek edo ikastunek burdin hesi osoa ingude gainera heltzen dute, artisauaren lana errazteko.