Laranja ala limoia

Usadioz, bizarginen artean beti egon dira pertsonaia bereziak. Seguru asko lanbidearen ezaugarriek horretan ere lagundu dute, bizarginek era guztietako jendearekin harremana izan baitute. Zerrenda amaigabea izango litzateke, baina adibide gisa aipatu dezakegu bizargin asko kantu eta zezenzaleak zirela, eta zain zeuden bezeroak hala eskatuz gero, edozein aitzakia nahikoa izaten zela, opera kantuari edo era guztietako lantzeei ekiteko, berdin zion zein lanetan ari ziren momentu horretan.

Lanbide horretan edozein egoeretara moldatzeko ahalmena izan zuten, eta hala frogatzen dute arazo askori irtenbidea emateko aurkitu zituzten konponbideek. Bezeroen artean, askok eta askok aurpegi argala eta zimurdura askokoa izaten zuten, batez ere gerraosteko garaian, eta horrek bizarra kentzea asko zailtzen zuen.

Lana errazteko erabili zen baliabideetako bat bola txiki batzuk izan ziren, kanikak baino pixka bat handiagoak zirenak. Bezeroak bola horiek ahoan sartzen zituen, horrela azala tenkatzeko.

Behin, baserritar patxadatsu batek bola irentsi zuen, eta bizarginari barkamena eskatu zionean, honek zera erantzun zion “lasai, gizona, txikiegia da. Atzo ere Keixetak irentsi zuen, eta gaur goizean ekarri dit. Har ezazu purga eta bihar itzuliko didazu”.

Julian MundateJulian Munduate, bizargin eta /ile-apaintzaile gisa aritzen zenean ilea nola mozten zen erakusten. (Argazkia Amaia Ros).

Kostaldeko herri bateko beste bizargin batek, bola irristari haiekin nekatuta, bizarra kentzen laguntzeko sistema onena hatz lodia bezeroaren ahoan sartzea zela erabaki zuen.

Baina egia esan, bizargin hura ez zen oso garbia, eta berehala jendea kexuka hasi zitzaion hatza ahoan sartzen zuelako. Askok ez zioten hatza ahoan sartzen uzten ere. Baina bizarginak ez zuen hala nola amore eman, eta horregatik bi edalontzi prestatu zituen, bakoitzean kolore eta gustu ezberdineko likidoak zeuden. Handik aurrera, honakoa galdetzen zien bezeroei: “laranja ala limoia?” eta bakoitzaren aukeraren arabera, hatza edalontzi batean edo bestean sartzen zuen, gero bere bezero jasankorren ahoan sartzeko. Guk dakigula behintzat, inor ez zen gehiago kexatu.

Bizargin eta ile-apaintzaile askoren ezizenek ere beren lanbidearekin zerikusi handia izan dute. Besteak beste aipagarria da Urakana izenarekin ezaguna zen bizargina, ilea moztu ondoren geratzen ziren ileak putz eginez kentzen baitzituen.