Etengabeko egokitzapenen historia

Erroman kaligrafoak, bakar-bakarrik latinez idazten zuten, korporazio bat eratzera iritsi ziren, hainbat zeremoniatan parte har zezaketen, eta garrantziari begira zalditeriako ofizialeen hurrengoak ziren. Erdi Aroan kaligrafiaren arteak izugarrizko bultzada hartu zuen Konstantinoplako liburutegiaren sorreraz. Kopistek batez ere Liburu Sakratuak, kontzilioetako kanonak, kronikak eta kondairak erreproduzitzen zituzten. Erlijio-ordenen ekarpena ere garrantzitsua izan zen. San Benitorenak, esaterako, bere estatutu edo erregeletan ezartzen zuen liburuak kopiatzen jardun beharra. Era berean, katedral batzuetako kalonjeek literatur obren transkripzioak egin zituzten, klasikoenak batik bat.

Eginkizun hauetarako lantokia scriptorium izenekoa zen, zaratatik isolatutako lokal bat, berokuntzarik gabekoa; bertan kopiatzen, apaintzen eta koadernatzen zituzten eskuizkribuak. Kopiatzaile bakoitzak eserleku bat eta idazmahai bat zeuzkan, eta idazteko tresna, berriz, antzara-luma bat zen, lortu nahi zuten grafiaren arabera moztua.

XII. mendearen amaiera arte, gure inguruotan elizak izan zuen monopolioa irakaskuntza kontuetan, eta idazlari laikoak monjeekiko lankidetzara mugatzen ziren, nobleen ekimenez luxuzko liburuak, meza-liburuak nagusiki, egin behar zirenean, edo teologia eskuliburuak bestela klerikoak zirenean eskatzaile.

LaminaJesús Patónek eginiko lamina.

Baina XVIII. mendearen hasieran ikasketa orokorrak sortu zirenez geroztik, egungo unibertsitate laikoak alegia, gorantz egin zuen kopiatzaileek jasotzen zuten testu baimenduen eskariak. Horiez ostean, filosofia, logika, matematika edo astronomia tratatuak agertu ziren, eta autore berrien kopuruak ere gora egin zuen.

Dante bere ama-hizkuntzaz idazten hasi zen, eta horrenbestez bere obrek irakurlego zabalago bat izan zuten. Burgesiak lehen aldiz zeukan literaturara eta ediziora iristeko modua. Liburu eskari berriarekin batera, idazlariek bere zerbitzuak eskaintzen zituzten lantegiak ere ugaldu egin ziren.

Kopiatzaile izan nahi zutenak, hala laikoak nola erlijiosoak, lanik sinpleenekin hasten ziren, esate baterako lerroak egiten edo koloreak prestatzen. Izan ere, kaligrafo profesional bat trebatzeko gutxienez zazpi urte jotzen zituzten ikasketarako. Urte hauetako azkena, neurri batean, artelan bat egiten ematen zuten, eta amaitu ostean eskulangile-maisu adituaren iritzira jartzen. Ikasleak idazlari independente titulua lortzen zuen, eta bere kontura jartzeko eskubidea ematen zioten, nahiz beti maisuarengandik urrun izan behar zuen, lehiarik sor ez zedin.

Eskuzko edizioaren garapenarekin batera, logikoa denez, karaktereen bilakaera etorri zen. Lehenbiziko eskuizkribuetako letra karolinjioaren ordez idazkera gotiko deitua erabiltzera igarotzeko arrazoiak praktikoak zein kultur mailakoak izan ziren. Geroago, XIV. eta XV. mendeetan, kultura italiarrean Errenazimenduaren zantzuak agertzen hasi zirenean, idazkera mota berri bat agertu zen, humanistikoa esaten zioten bat; honen karaktereak, bazterrarazi nahi zituen gotikoak baino biribilagoak ziren, eta ez haiek bezain zardaiak.

Inprentaren asmakuntzak, XV. mendearen erdialdean ia-ia, orduan indarrean zeuden erreprodukzio baliabideetatik pixkanaka-pixkanaka gero eta mekanizatuagoetara igarotzea ekarri zuen, eta honek oso ondorio kaltegarriak izan zituen kopiatzaileentzat. Baina, espero zitekeenaz oso bestela, beren idazlanen eduki artistikoa nabarmendu zuten kaligrafoek garrantzi maila aipagarri bati eutsi zioten. Autore garrantzitsuenen iritziz, XVI. mendean hasi zen kaligrafiaren artea, Erreformak eta Errenazimenduak berekin ekarri zuen berpizte intelektual handiak eman zion bultzadaz.

Frantzian, XVI. mendean, idazlari-maisu izateko halako baldintza batzuk bete behar ziren (besteak beste 16 urte beteta izatea eta maisu-lana egitea), eta probak gainditu ondoren ia-ia 400 libera ordaindu behar ziren; diru hauek banatu egiten zituzten gero, eta hartzaile nagusiak komunitatea, erregea, sindikoa eta deana, aztertzaileak eta ospitale nagusia ziren. Dena den hainbat salbuespen izaten zen, maisuen semeen kasuan esate baterako.

1691ko ediktu batek sailkatu egiten zituen Frantziako korporazioak, eta eskribau edo idazlariak bigarren mailan jartzen, armagin, uhalgile, ezpatagin eta erlojugileekin batera, besteak beste. Hirurogeita hamabost urte geroago, 1766an, lanbideak ikasteko behar ziren denborak finkatu zituztenean Parisen (3, 4, 5 edo 6 urte izan zitezkeen), idazlariei buruz zera esaten zuten: “ez ikasketarik ez laguntasunik. Eskarmentua besterik ez.

Hurrengo mendeetan zehar kaligrafoek toki garrantzitsua izaten jarraitu zuten idazkerarekin eta kopia artistikoekin; horren lekuko ditugu agiritegi eta liburutegietan gordeta dauden artelan apartak, hala nola protokoloak eta inskripzioak zein izaera erlijiosoko idazkiak.

Baina erreprodukzio mekanizatuaren tekniken aurrerapenak eragin zien, azkenean, eskulangile eta artista hauei ere, egungo egoerara iritsi arte, orain iraganeko dokumentuak leheneratzeko lan espezifikoetara edo gozamen pertsonaleko edo apaingarri hutserako kopietara mugatzen dira eta.

LaminakJesús Patónek eginiko laminak.