Jesus Paton

Artista nabarmen hauetako bat Jesús Patón del Moral (1950) da. Irunen du tailerra. Oso gazterik, antzinako eskuizkribuek erakarri egiten zuten, Erdi Arokoek batez ere, latinez idatzi eta kaligrafia karolinjio edo karoldar eta gotikoaz eginek, Errenazimenduko inkunableekin batera. Urteak igaro ahala, jakinmin hutsa zena zaletasun bihurtu zen, eta lehenbiziko kopiak egiten hasi zen. Pausoz pauso, lanbide honetarako izugarrizko dohainak garatu zituen, eta dokumentuak behatuz eta, bereziki, eginaren poderioz trebezia galanta lortu zuen.

Kodize originaletara iristeko zailtasunak direla eta, sarritan urrun samar kokatuta dauden agiritegi eta liburutegietan baitaude gordeta, Jesús Patón kaligrafo autodidaktak faksimile eta liburu zaharrak erabiltzen ditu, eskuratzen errazagoak dira eta. Historiari buruzko aldizkarietan ere aurkitzen du zenbait informazio interesgarri. Era berean, hiri-gutunen erreprodukzio lana ere garrantzitsua da, eta Hondarribiakoarekin izugarrizko artelana eskaini digu.

Enkargu zehatzen kasuan, normalean kaligrafo irundarrak bere jarduera profesionalaren osagarri gisa egiten dituen olerkiak, esaerak, aipuak eta abar izaten baitira, eskatzaileak berak jartzen ditu erreproduzitu behar diren agiriak edo testuak.

Bere lanen euskarri gisa pergamino-kartulina erabili ohi du, eta, batzuetan, Tuteran erosten duen pergaminoa. Material hau ardi-larrutik ateratzen da, garbitze eta luzatze prozesu bat igaro ostean betiere.

Erabiltzen dituen luma-muturrak grafia bakoitzerako egokienak dira, eta kanaberazkoak, banbuzkoak edo hegazti-lumazkoak izan daitezke. Aipatu lehenak Jesús Patónek berak egiten ditu, mendian biltzen duen lehengaia landuta, eta bigarrenen kasuan, berriz, antzara edo ahate lumak izan daitezke, gero eta zailagoak aurkitzen dena den behar adina lodikoak, hegazti hauek gero eta gazteago hiltzen dituzten eta. Diametroa aldakorra da, letra motaren arabera, eta 1,5 eta 4 mm bitartean egon daiteke; gehienezko neurri hau zerbait nabarmenarazteko erabiltzen da, izenburuen kasuan adibidez.

Jesus PatonJesús Patón, lanaren kalitate handia ikus dezakegun bere lanetako batekin (Fernando de la Herak lagatakoa).

Alfontso X.a Jakitunaren leinua arkume-larru oso baten gaineanAlfontso X.a Jakitunaren leinua arkume-larru oso baten gainean, Jesús Patónek apaindutako letra gotikoaz (C.U. 03/01).

Batez ere tinta txinatarra erabiltzen da, beltza eta gorria, eta kolore marroia eta halako distira bat baduen minio berezi bat ere oso garrantzitsua da, letrak apaintzeko urre eta zilar likidoekin batera. Lan askotan, lupa ere ezinbesteko tresna izaten da.

21 eta 24 lerro bitarteko orri batek behar duen lana letraren konplexutasunaren araberakoa da neurri handi batean –aipatu mota horiez gain, letra italikoa edo kantzelari letra izan daiteke, agiri ofizialak erredaktatzeko gehien erabilia alegia–, baina bereziki apainduraren araberakoa. Egile eskarmentu handiko batek, orri bakoitzean, lau bat ordu eman ditzake.

Jesús Patónen iritziz, ez da kaligrafo onik izango lan honetarako gaitasun pertsonalik ez badago. Baina aldi berean eroapena izan behar da, ezinbestekoa berau obrak kalitate ona izan dezan. Metodikoa izatea funtsezkoa da halaber, hau da, hurrenkera zorrotz-zorrotz bati jarraitzea.

Kaligrafo irundarrak eskulangintzako hainbat feriatan hartu du parte, erakusketa batzuk ere egin ditu, eta arrakasta handiz parte hartu du hainbat lehiaketatan. Frantziako Kaligrafia Zentro Nazionalaren, Madrilgo Kaligrafo eta Edertzaile Elkartearen, eta Espainiako Idazkera Klubaren bazkidea da.