Euskal kaligrafoak

Euskalduna izatea kaligrafo ona izatea da” esaera, seguruenik, iraganean gure herriko luma ederrek izan zuten garrantzi itzelaren isla besterik ez da izango. Sarritan, idazkari, notario eta eskribau karguak izaten zituzten. Gogoan izan dezagun Miguel de Cervantesek berak “On Kixote” lanean Santxo Pantzaren ahotan jarri zuela, kargu horietako bat lortu nahi zuen eta bizkaitarra (garai hartako hizkeran ‘euskalduna’ esateko modua) omen zen batekin hizketan ari zela, honakoa: “horrelakoa izaki enperadorearen beraren idazkari ere izan zintezke”.

Elias Ametzagak, meritu handiko lan batean, aipatzen du iraganean 663 euskaldun nabarmendu zirela letra onaren artea menderatzeagatik, eta kasu askotan horiei buruzko aipamen biografiko zabalak eskaintzen dizkigu. Gainera, pentsatu beharko dugunez, logikoa baita, ikerlanaz ez duela modurik izan kaligrafo guztiak ezagutzeko, begi-bistako gertatzen da haiek izan zuten garrantzia.

Euskal kaligrafoen artean, batez ere honakoak nabarmendu behar ditugu: Joan Itziar, Jose eta Pedro Madariaga, eta Frantzisko Iturtzaeta.

Joan Itziarri buruz kaligrafia aztertu duten guztiak eta kaligrafoak aritu dira, baina Karmelo Etxegarai da modurik zehatzenean aritu dena. Itziar espainiar kaligrafiaren patriarka eta fundatzailetzat hartua da, eta luma ederretan ederretakoentzat ere bai, ez bakarrik Espainia mailan, baizik eta baita Europa mailan ere. Argitalpen askoren egile, azpimarratu egin behar da materia honi buruzko lehenbiziko tratatu didaktikoa, Arte de escribir izenekoa; honen lehenbiziko edizioa 1548an argitaratu zuten.

Durangon (Bizkaia) jaio zen, seguru ez dakigun data batean, Etxegaraik “1525 baino lehen” izan zela badio ere, eta Logroñon hil zen 1575ean, hara erretiratu baitzen apaiztu ostean. Italiara bidaiatu zuen eta pinturan lehen pausoak eman bazituen ere, ez zuen diziplina honetan maila handiegirik lortu. Zaragozan finkaturik, “koru eta kantu liburuen konposizio eta idazketan” egin zuen lan, eta maisutzan ere jardun zuen. Irakaskuntzarekin loturiko hainbat lan argitaratu zituen.

Etxegaraik aipatzen dituen Itziarren ideia pedagogikoen artean, azpimarratu egin behar “letra odolez sartzen” dela dioen lelo ezagun horrekiko adierazi aurkaritza, edota ikasleek bakar-bakarrik oroimena lantzearekikoa, gauzak “labur eta argi” adieraztean aldeko jarrerarekin batera.

Pedro Madariagari oso lan zabala eskaini zion Lino Akesolok. Honek 1537an kokatzen du haren jaiotza, Diman (Bizkaia), Oba auzoan; beraz, Joan Itziarren garaikidea izan zen.

Oso gazterik hasi zen bidaiatzen, eta baliteke soldadu izana, ezen “23 urte zituenerako ibiliak zituen Milan, Genoa eta Erroma”, ondoren Zaragozara heltzeko; han Itziarren ikasle izan zen. “Jakinmin intelektualaz betea eta ikasteko grina bizi-bizikoa” omen zen. Azkenean Valentzian bizi izan zen, bertako unibertsitatean kaligrafia eta ortografia katedraduna izan zen, berak fundatu baitzuen katedra hau, eta bere irakaskuntza metodo iraultzaileak praktikara eraman zituen.

1565ean, hogeita zortzi urte zituela, “Honra de escribanos” argitaratu zuen. Honen bigarren edizioa 1777an agertu zen, garai hartan egiten zutenaren gaineko aurrerapen handiez. Lan horretako atal batek ortografia bizkaitarra landu zuen.

Jose Frantzisko Iturtzaeta Eizagirre Getarian jaio zen 1788ko azaroaren 22an, eta 1853ko urrian hil. Seguruenik berau dugu euskal kaligrafoen artean ezagunena, 1827az geroztik bere metodo didaktikoak eta, batez ere, bere El arte de escribir la letra bastarda española obra zabaltzen hasi zirelako; are gehiago, belaunaldi batek baino gehiagok metodo horrekin ikasi zuten kaligrafia, eta gainera laguntza ofiziala ere izan zuen.

Estatuaren enplegatu, aipatu obra horrez gain gai didaktikoak jorratuz ere idatzi zuen beste zenbait liburu, besteak beste 1833ko Errege Agindu batek irakaskuntzarako ezarri zuen “Arte caligráfico Iturzaeta” izenekoa. Iturtzaetaren sistema kaligrafikoari atxikitzen zaio idazkera zurruntasunetik aske geratu izana, eta oso estetikoak ez ziren letrak sartu izana leporatzen, ordea.

1849an (maiatzaren 26ko Errege Agindua) Lehen Irakaskuntzako Ikuskari Nagusi izendatu zuten, eta 1850eko urtarrilaren 1ean, Erresumako Maisu Eskola Mintegi Arrunteko Zuzendari. Getariako Ikastolak, hark ondo merezia baitzuen, Iturtzaeta izena du.

Joan Itziar, Pedro Madariaga eta Frantzisko IturtzaetaJoan Itziar, Pedro Madariaga eta Frantzisko Iturtzaeta. Julen Zabaletaren marrazkiak.