Jostun maisuak

Maisuek bezeroei aholkua ematen zieten, baina bezeroek zuten azken hitza, kasu bakoitzean prezio, oihal eta diseinu komenigarriena aukeratuz. Halaber, jantziaren atal ezberdinak osatzeko oihal zatiak neurrira eta behar bezalako formarekin moztea zen jostunen lanik garrantzitsuenetako bat. Ondorioz, ez zen arraroa izaten maisu batzuek lan hori nola egiten erakutsi nahi ez izatea. Izan ere, ikastunek lanbiderako ezagutza eta sekretu guztiak eskuratu ondoren beren aldetik lanean hastea izaten zen maisuen beldur handietako bat.

XIX. mende bukaera arte, piezak jostunaren iritzira mozten ziren. Ondorioz, jostunaren eskarmentu eta trebeziaren arabera, emaitza hobeak edo kaskarragoak lortzen ziren. Askotan, oihala bezeroaren gorputz gainean jarri eta guraizeekin mozten zen zuzenean, bezeroaren gorputzaren forma eta tamainaren arabera. Lan hori nahiko nekagarria izaten zen, bezeroak eta jostunak denbora asko zutik pasa behar baitzuten. Horrez gain, hainbat froga eta doitze egin behar izaten ziren, eta horretarako bezeroa jostundegira joan behar izaten zen.

Duela mende bat, katalanak (Bartzelonan) izan ziren ebaketa-sistemak garatzen lehenak. Ebaketa-sistema horiek era arrazionalean aztertutako neurrietan oinarritzen ziren. Gorputzari neurri gutxi batzuk bakarrik hartuta, jantziak egiteko behar ziren oihal puska guztiak egin zitezkeen. Horren ondorioz, Euskal Herrian, maisu izan nahi zuten ofizialak, beren ezagutza hobetzeko Bartzelonara joaten ziren eta hilabete eta erdiko ikastaroak egiten zituzten. Bertan patroi zehatzen arabera galtzak, txaketak, berokiak eta txalekoak mozten ikasten zuten. Ikastaroan jantziak doitzen eta probatzen ere erakusten zieten.

José NegrilloJosé Negrillo jostun maisua, bere irungo lantegian (argazkia K.L/97/12).

Hala ere, eguneroko lanean azaltzen ziren arazoak, esaterako bezeroaren gorputzeko irregulartasunak, urteetako eskarmentuari esker bakarrik konpondu zitezkeen. Hori zela eta, jantzia piezak mozterako orduan zuzentzen zuten lehenbizi, eta azken ukitua bezeroak jantzia probatuta zeukala ematen zitzaion.

Piezak amaituta zeudenean, muntatu eta albaindu egiten zituzten. Jarrian bezeroak lehen aldiz probatzen zuen, horrela jantzia zuzentzeko. Jantziak “alde batetik tira egiten” bazuen, zuzendugabea zegoela esaten zen. Bestalde, jantzi bat ondo geratzen zenean, jostunek jantzia “ondo zuzenduta” zegoela esaten zuten.

Maisua, askotan lana koordinatu eta zuzentzen zuen enpresaria ere izaten zena, bera egoten zen bezeroekin. Lan garrantzitsu bat jantzi bezeroaren gorputzean probatzea zen. Gehienetan jostundegian bertan egiten ziren probak, baina batzuetan baita bezeroaren etxean ere. Proba horiek egiterakoan jantziak behar zituen zuzenketa guztiak egiten ziren.

1950eko hamarkadatik aurrera, ehunak izugarri garatu ziren. Ehunen iraultza gertatu baino lehenago, ilekia edo artilea bakarrik erabiltzen zen. Askotan oso latza izaten zen, eta hanketan azkura egiten zuenez, askotan galtzak forratu behar izaten ziren. Txaketak eta berokiak asko armatzen ziren, ahalik eta zurrunen geratzeko. Horretarako, jantziak tenkatu egiten ziren, bi jantziaren bi oihalen tartean material zurrunak sartuz eta josiz. 1950eko hamarkadatik aurrera oihalak leuntzen joan ziren. Horrez gain, iraunkorragoak eta garbitzen errazagoak ziren. Hala ere, jostunek ehunen kalitatea apaldu zela zioten.

Jantziak egiteko sistema ere nabarmen aldatu da, modan aldaketa ugari gertatzeaz gain, lana geroz eta gehiago sinplifikatzen baita. Sinplifikazioaren muturreko kasu bat Hong Kongen gertatzen dena da: jostunak, bezeroak hala eskatuta, aireportura joaten dira. Bertan, bezeroari oinarrizko neurriak hartu ondoren, oihal ereduak erakusten zaizkio, honek nahi duen oihala aukeratu dezan. Ordu batzuk geroago, jantzia, erabat bukatuta, bezeroak eskatutako lekura eramaten dute, gehienetan hotel batera. Jostunak neurriak hartuta badituzte, nahikoa da oihal eredu edo laginen artean bat aukeratzea. Telefonoz eskatuta ere munduko edozein lekutan jaso daiteke horrela egindako jantzi bat.