Jostunen gremioak

XIX. mende erdialdera arte, jostunen jarduera gremioek arautzen zuten. Izan ere, gremioek, santu patroi baten izenpean, jarduera berean aritzen ziren profesional guztiak elkartzen zituzten. Lehen gremioak XIII. mendean sortu ziren, eta garrantzi handia izan zuten desagertu ziren arte.

Gremioek bi xede zituzten: alde batetik artisau-lanbideak arautzen zituzten. Ondorioz, norbaitek horrelako lanbide batean jardun nahi bazuen, aldez aurretik ezarritako ikastaldiaren fase ezberdinak gainditu behar zituen, eta bukaeran, azterketa zorrotz bat gainditu ondoren, maisu titulua eskuratzen zuen. Titulu horrekin zegokion erregistroan izena ematen zuen, eta horrela bere produktuak egin eta saldu ahal izateko lokal bat alokatzen zuen. Arau horiek betetzen ez zituzten pertsonak jazarriak izaten ziren eta oso zigor gogorrak jasan behar izaten zituzten. Horrez gain, lanbidean aritzea debekatzen zitzaien.

Beste alde batetik, gremioek ere gizarte-aseguruen xedea ere betetzen zuten. Gaixo jarriz gero babes-sistemak izaten zituzten, baita bazkideen alargun eta umezurtzentzako laguntzak ere. Horrez gain, erlijio-xedeak ere izaten zituzten gremioek, kofradia gisa antolatzen baitziren,beren araudi eta festekin. Festa horien artean besteak beste patroiaren festa aipagarria zen, dantza eta guzti eta batzuetan zezenekin ere ospatzen zena.