Jostun maisuak

Gizakiek historian zehar beren burua berotzeko eta apaintzeko erabili dituzten jantziek garrantzi handia izan dute, garai bakoitzeko moda eta ohituretara moldatu izan baitira. Horrez gain, jantziak pertsona bakoitzaren estatus sozialaren seinale izan dira, eta ondorioz besteengandik bereizteko baliabide bat. Hainbat erlijioetan ere paper garrantzitsua jokatu dute jantziek.

Jostun-maisuak izan dira jantziak egin dituzten artisauak. Artisau horiek bezeroen nahiak bete behar izan dituzte, eta ondorioz, gorputza estaltzeko oihalak moztu eta jostetik gorputza oihalekin edertzera pasa dira.

Joskintza hiri modernoen garapenarekin batera agertu zen, eta aurrerakuntzek material berriak ahalbidetu zituzten heinean, lanbidea ere garatzen joan zen. Hasiera batean bezeroek eman behar izaten zituzten oihalak, eta jostunek jantziak josi bakarrik egiten zituzten. Antzinaroan eta Erdi Aroan, artisau batzuek azterketa geometriko burutsuak egin zituzten, jantzien izurren jauskerak ederragoak nola egin jakiteko.

Espezialista haiek emakume eta gizonezkoentzako jantziak egiten zituzten, eta ez zieten diseinu berriei jaramon handirik egiten. Horren ondorioz, usadiozko modeloak oso poliki aldatzen ziren, agintariek “luxua eta nabarmenkeria ekiditeko” ediktuekin babesten baitzituzten jantzi modeloak. XVIII. mendean agertu ziren emakumeentzako jantziak bakarrik egiten zituzten moda-sortzaileak. Handik aurrera, jostunak gizonezkoentzako jantziak bakarrik egiten hasi ziren. Azken hamarkadetan moda-sortzaileen eta jostunen arteko banaketa hori nabarmen aldatu da.