Kutxatila egileen etorkizuna

Dagoeneko adierazi dugun bezala, produkzio industrializatua kaltea eragiten ari zaio tradiziozko kutxatila egilearen bideari, horiek batez ere pieza unitarioak egiten dituztelako. Bilakaera hori donostiar gizartean ere eman da, nahiz eta gurean kutxatilak egitea tradizio handiko lanbidea izan; izan ere, kutxatilak oso beharrezkoak dira ondasun baliotsuak garraiatzeko.

Luisen iritziz, kutxatila egileak, emaitza egokiak lortzeko eta are gehiago lanbidean jarraitzeko, gustukoa izan behar du lanbidea. Horretaz gain, beharrezkoak dira beste ezaugarri batzuk, hala nola irudimen gaitasuna, marrazketaren teknika menderatzea, ideiak irudikatzeko, eta esku abilezia handia.

Luis López iraganean artisautza azoka gutxi batzuetara bertaratzen zen, baina azkenaldian ez du horietan parte hartzen. Irudi ona du bere lanbidean, eta horri esker balizko bezeroak berarekin harremanetan jartzen dira edo tailerrera bertara gerturatzen zaizkio. Bezero nagusiak espezializatutako dendak, bitxitegiak, zilar dendak eta mahai tresnen egileak dira. Artisau honek fabrikatzen dituen kutxatilak batez ere

musika tresnak, garaikurrak, medailoiak, plakak eta mahai tresnak gordetzeko enkargatzen dizkiote. Era berean, antikuarioen eskariz aspal-diko kutxatilak konpontzen ditu.

Kutxatila gorde behar duen ondasunari egokitu behar zaionez, beste herrialdeetako lanak, batez ere Asiako ekialdeko herrialdeetakoak, inportatzeko aukera mugatua dago. Dena dela, tradiziozko kutxatila egilearen etorkizuna zalantzaz beterik dago, jarduera profesional errentagarria izatea nahi baldin bada gutxienez.

Beste artisau jarduera batzuetan gertatzen den bezala, lanbide hau ez dago irakaskuntza arautuen multzoan sartuta. Hori dela eta, kutxatila egile berriek lanbidea menderatzen duten maisuengandik ikasi beharra dute, nahitaez, edo beren kasa formatu behar izaten dute, bestela.

Gaur egun CA Iro estuches y derivados enpresak lau langile ditu kontratatuak. Horietako bat, titularra, Luis Lopez bera, tradiziozko kutxatilak egiten aritzen da, eta gainerako hiruren produkzioa nolabait seriean egindakoa dela esan liteke, nahiz eta oraindik esku lana oso garrantzitsua izan.

Luis Lopez

Luis LopezArgazkiak: Antxon Aguirre Sorondo