Ingurumen egokitasunari buruzko ziurtagiria

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko 2014ko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak hau aurreikusten du 65. artikuluan, hots, garapen iraunkorra, ingurumenaren zaintza eta hobekuntza zein energia iturrien aprobetxamendu eraginkorragoa lortzera zuzentzen diren proiektuekin loturiko inbertsio eta gastuengatiko kenkariari dagokion artikuluan: zergadunek inbertsioen zenbatekoaren % 15 kendu ahal izango dute kuota likidotik, ibilgetu materialeko aktibo berrietan egindako inbertsioak direnean, baldin eta aktibo horiek beharrezkoak badira ondoren adierazten diren helburuetako bat edo -batzuk dituzten proiektuak gauzatzean:

  1. a) Hondakinak minimizatzea, berrerabiltzea eta balioztatzea
  2. b) Mugikortasuna eta garraio iraunkorra
  3. c) Natura-guneetako ingurumena leheneratzea, konpentsazio neurriak edo bestelako borondatezko ekintzak gauzatzearen ondorioz
  4. d) Ur kontsumoa minimizatzea eta ura araztea
  5. e) Energia berriztagarrien erabilera eta energia eraginkortasuna

Kenkari hori zergadunak aplikatu behar du, zerga-administrazioak eskatuta. Hain zuzen ere, Ingurumenaren arloko eskumena daukan Departamentuak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko du; alegia, frogatzen duena inbertsioek betetzen dituztela letra horretan ezarritako betekizunak.

Halaber, hau dio 36. artikuluko 3. zenbakian Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua onartzen duen 2015eko ekainaren 16ko 17/2015 Foru Dekretuak: ziurtagiri horren eskaera Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari bidali behar dio, eta informazio hau jaso behar du, gutxienez:

  1. a) Proiektuaren deskribapen zehatza; haren xedea identifikatu behar da eta artikulu honen 1. apartatuko zein kasutan sartzen den adierazi.
  2. b) Egin beharreko inbertsio planaren kuantifikazioa eta inbertsiook egiteko egutegia.
  3. c) Erabiliko den teknologia, haren jatorria eta aurretik dauden erreferentziak.
  4. d) Sektoreko Administrazioak edo entitate homologatuek eman beharreko baimena, adostasun txostena edota ziurtagiria.

Ziurtagiri hori Ingurumen Zuzendaritza Nagusian eskatu behar da, erregistro elektronikoaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Egoitza Elektronikoan.