Aiztoak eta haiek egiteko materialak

Gure artisauek egiten dituzten aizto gehienak mendirako dira, eta zati hauek osatzen dituzte: metalezko xafla eta kirtena. Aiztoaren ahoa egiteko orduan, modelo gehienetan bi aurpegietan egiten zaio bereratzea gainazalaren parte bati, eta, beste partea, berriz, jan gabe uzten da, ertza edo alaka sortzeko bidea emanez. Xaflan ageri diren bi azaletako bakoitzari artisauek “mahai” deitzen diote.

Ertzari bidea ematen dioten bi azalak konkaboak, konbexuak edo lauak izan daitezke. Lehenengoetan ertza biziagoa da, baina kaltetzen errazagoa, bigarrenekoetan ertza ez da hain zorrotza, baina bai kolpeen kontra eta lan zakarrak egiteko eta material gogorrak ebakitzeko hobeagoa.

Kirtena edo heldulekua jarri edo finkatzen den xaflaren zatiari buruxka esaten zaio eta kirtenaren antzeko perfila izan dezake, edo zerbait meheagoa. Azalean hainbat zulo daramatza, kirtena finkatzeko errematxeak hortik sartzeko. Kirten hori, normalean, bi piezek edo kirten-azalek osatzen dute, bat alde bakoitzean. Gorputz bakarrean landutako kirtenak ere egiten dituzte, erdian zulo bat dutela, kasu horretan oso estilizatua den buruxka sartzeko.

Xafla beti da altzairuzkoa, herdoilezina normalean, eta AISI 440 mota da erabiliena, 51 karbonoz eta %17 kromoz osatua. Altzairuak karbonoarekin eta aleatutakoak ere erabili ohi dituzte erremintetarako, nahi dituenaren beharretara moldatuta beti ere.

Batzuetan, behar duten altzairua uhal modura erosten dute, landu beharreko xafla baino zerbait lodiago eta zabalago bereziki. Beste batzuetan, apurtutako zerra mekanikoen xaflek, disko-zerrek, arotzen arrabotatzeko erremintek eta parekoek inguruko tailerretan uzten duten txatarrezko altzairuarekin egiten dute lan.

Kirtenak egiteko orduan, anitzak dira artisauek erabiltzen dituzten material motak, bestek beste: irizpide estetikoengatik aukeratzen dituzten zurak, behi-adarrak, orein-adarrak edo bufalo-adarrak, hezur lodiak edo larrua. Material horiek kirten bakarrean askotan erabiltzen dituzte, beren sormenak ematen dizkien aukerak areagotu eta efektu estetikoa azpimarratzeko.

Halaber, metalak, letoia, zilarra edo brontzea ere erabiltzen dute pieza osagarriak egiteko, hala nola, esku-babesak eta apaingarriak.

Jose Maria BerasarteJose Maria Berasarte lanean.