Kirtena egiteko

Arlo horretan, hau da, kirtena egiteko orduan, erabili ditzaketen materialak eta egiteko moduak bikoiztu egiten dira, sormenaren mesederako.

Arestian esan bezala, letoiz, zurez, adarrez, altzairuz, hezurrez, larruz, gomaz etab.ez egiten da. Eta, askotan, baita eskura duen beste edozein materialez ere, testuragatik edo kolorearengatik horretarako aproposena izan daitekeena, artisauak aurretik diseinatu duen bezala.

Kirten moten artean bi dira ohizkoenak: lehenengo taldean, kirten-azal izeneko bi pieza simetrikoek osatzen dute kirtena. Pieza horiek xafla zabal eta lauaren nukleoaren alde bietan itsasten dira, eta hari lotzen zaizkio metalezko zirien bidez. Eta bigarren taldean, berriz, kirten-azal estua eta puntaduna kirtenean bertan sartzen da. Kirten hori pieza bakarrean egina izan daiteke, kirten-azala barruan txertatzeko. Baina pieza txiki anitzez eginda dagoenean, pieza horien zati ezberdinak ardatzean zehar sartzen dira bata bestearen atzetik, egin zaien zulo batetik sartuz eta kirten-azalaren muturrean lotzen den torloju batekin estutuz.

Kirtenek, normalean ere, metalezko pieza bat daramate hasierako xafla eta ahoan, errefortzurako. Pieza horrek, batzuetan, irtengune bat eramaten du, guardia, defentsa edo gurutze izenekoa, hatz erakuslea babesteko, eta beste bat kontrako muturrean, orpo, oin edo aizto-sagar deiturikoa.

Bi kirten-azalez osaturiko aiztoak egiteko, biz zati berdin ebakitzen dira aukeratutako materialetik, soberakinekin ebaki ere, aurrerago pieza ezberdinen arteko batzeei azkena eman ahal izateko.

Aiztoa egiteko urrats jakin batAiztoa egiteko urrats jakin bat.

Piezaren profila markatuko du errotuladorez, eta zinta-zerra batean ebakiko du, xaflaren buruxka-gainean txertatzen du eta zulogilearekin zulo bat egin eta ziri bat sartuko du. Eta beste zulo bat edo bi egiten jarraituko du. Beste kirten-azalarekin eragiketa berbera egingo du, eta biak txertatuko ditu buruxkan, epoxi morako erretxina erabilita. Azkenik, ziriak sartuko ditu, altzairuzkoak direnak normalean, eta mailuka errematxatuko ditu.

Metalezko piezak edo guardiak (boster) antzerako modura egiten dira, eta buruxkari txertatzen dira zirien bitartez.

Pieza guztiak bere tokian jarri ondoren, kirtenaren berdintze-prozesuari ekiten zaio soberakin guztiak kenduz, eskuz, lima batekin metalaren kasuan, eta arrasparekin gainerako materialen kasuan, eta jarraian berdindu egiten da dena lixaz eta polea urratzaile batekin leuntzeko makinan.

Kirten osoa berdintzeko, akabatzeko eta leuntzeko lana amaierako da, irregulartasunik gabe eta artisauak nahi bezala utzi arte. Batzuetan, marka edo zirritu apaingarriak egiten dituzte, kirtenaren metalezko zatien gainean eta xaflaren gainean, eskuzko xixelak erabiliz eta aurretik errotuladorez zehaztu duten marrazkiari jarraituz. Askotan emaitza gehiago da artearen familiakoa, artisautzarena baino.

Buruxka estu edo pieza aniztun gaineko kirtenak, haiengan gurdia pieza txertatuz egiten dira, eta haren ondoren beste pieza trinko batzuk ere bai, adar, alpaka edo larruzkoak, aurretik zulo bat eginda dutela.

Azkenean pakete guztia trinkotzen da, buruxkaren muturrean lotzen den torloju batekin. Horrela, pieza guztiek gorputz bakar bat osatzen dute, eta pieza horri piezen arteko irregulartasunak zuzentzen zaizkio arraspaz edo esmerilaz eta leuntzeko makinaz, gainazala guztia nahi den formara egokitu arte, eskuaren anatomiari oso egokitua normalean, eta ukitzean atsegina.

Erabilitako material ezberdinek, testuraz eta kolorez ere ezberdinak, itxura eta estetika oso berezia ematen diete kirtenari, diseinu mota handia lortzen delarik.