Armazoioa egitea

Aterki, itzalkin eta eguzkitako guztiek kirtendun kanabera bat dute ardatz gisa, eta ondoren oihala eusten duen armazoi zabalgarri bat, erabiltzailea eguzkitatik edo euritatik babesten duena. Euskal Herrian, aterki-fabrikazioak bi atal desberdin izan ditu. Alde batetik, armazoia egitea. 1921etik aurrera, armazoia Oñatiko Garayk egin du ia esklusiban. Oihala eta kirtenaren muntaia, berriz, inguruko lantegi txiki eta ertainetan egin izan da.

Garay armazoiak egiten hasi zenetik, kanabera haritz zurezkoa izaten zen; torneatua, lixatua, bernizatua eta 8 eta 10 mm artekoa. Hagaxkak burdinazko harizkoak ziren, 3 mm-koak, baita ere pintatuak eta bernizatuak egoten zirenak.

Koroa, giltzaurra edo hagazka guztiak (gehientan 8) elkartzen ziren pieza altzairuzko xaflazkoa izaten zen, baita kolantea edo kanaberan gora eta behera mugitzen zen uharria ere. Uharri horiek enpresan bertan diseinatutako prentsa eszentrikoan egiten ziren.

Giltzadurak, txangak edo xarnierrak, xafla finekin egiten ziren, gehienbat emakumeek maneiatutako prentsatan. Izan ere, pieza txikiak eta arinak egiten zirenez, emakumeen trebetasun berezia zuten horrelako piezak maneiatzeko.

Muntaian ere emakume asko aritzen ziren lanean (1950ko hamarkada erdialdean, 160 inguru, eta guztira 200 langile ziren). Destajuko lana egiten zuten, eta eguneko ekoizpena langile bakoitzeko 400 aterkira iritsi zen. Lehenbizi, hagaxkari xarnierra edo giltzadura jartzen zioten, hagaxka motzena (antena edo edukitzailea) lotuz. Jarraian, lehen hagaxka koroan lotzen zuten, eta bigarrena kanaberan zehar mugitzen zen uharriari. Horrela, armiarma esaten zitzaion hagaxka artikulatu multzoa. Azkenik, kanabera edo aterkiaren ardatza uharra eta koroatik pasa eta azken hau errematxatzen zuten. Horrela, armazoi osoa muntatua geratzen zen.

Aterkiak konpontzeakAterkiak konpontzeak lan asko eman die Euskal Herriko artisau askori.

1926 aldera, egurrezko kanaberaren ordez 8 mm-ko hobi metaliko bat erabiltzea proposatu zen, Europako aterkigile gehienen antzera.

Garai hartako egoeraren ondorioz, eta Garay lantegiko langileen trebetasuna ikusita, ardatza edo hobi hori lantegian bertan egitean erabaki zuten. Horren ondorioz, lan-makina eta sistemak erabat aldatu behar izan ziren. Berrikuntza horrekin Alemaniako teknologia eta ekoizpen sistemak erabiltzen hasi ziren, horien artean, piezak nikeleztatzeko bainu eletrolitikoak ezarri ziren.

Gero eta aterki tamaina eta modelo gehiago egiten joan ziren, eta 1933 inguruan, 750 armazoi eredu desberdin ekoizten ziren lantegian, 33,5 cm luzerako hagaxketatik hasi (umeentzat), eta 61 cm artekoak.

1957 eta 1960 artean, armazoi teleskopikoko modelo berriak diseinatu ziren (kanabera erdia beste erdiaren barruan sartzen zen, eta hagaxkak pieza artikulatuz eginda zeuden, tolesgarriak izateko). Horrela, aterkia tolestu eta tamaina askoz ere txikiagoa lortzen zuen.

Aldi berean xaflazko pieza batzuk (koroa, uharria) nikeleztatutako plastikozko piezekin ordeztu ziren. 1960-1965 aldera, metalezko hagaxka borobilaren ordez, U formakoa erabiltzen hasi ziren, aterkiari gogortasun eta arintasun gehiago emateko.

Denbora joan hala eta eskariaren igoerarekin batera, ekoizpena ere handitzen joan zen, eta 1960-65 aldera eguneko 10.000 armazoi egitetik, 1970ean 15.000 ekoiztera iritsi ziren.

1975ean, armazoi tolesgarri eta teleskopiko berria diseinatu eta patentatu zen, toples izena eman zitzaiona. Aterki horren berezitasuna honako azen: aterkia itxita zegoenean, hagaxkak automatikoki tolesten ziren, aterkia ixteko pausoa nabarmen erraztuz.

Urteak igaro hala, modak aldatzen joan dira, diseinuak aldatu behar izan dira, eta ondorioz, modelo asko desagertu egin dira. 1988-1980 aldera, armazoiak bernizatzeaz gain, urre eta zilar kolorea ematen zitzaien, eta kanabera bernizatutako egurrezkoa izaten zen, akabera bikainekoa. 1920ko hamarkadan ere, kanaberak egurrezkoak izaten ziren, eta hagaxkek orokorrean 48,5 cm eta 61 cm-ko luzera izaten zuten.

Diseinuak nahiz fabrikazio-prozesuak berritu arren, gero eta zailagoa zen aterkiak saltzea, batez ere Portugalen eta geroago eskulan merkeko herrialdeetan egindako aterkien lehia oso gogorra baitzen. Ondorioz, 1990eko hamarkada bukaeran, aterki armazoiak egiteari utzi zioten.