Garay: Pospoluak egitetik, aterkiak eta altzairuzko hobiak egitera

Euskal Herrian, betidanik industria-sustatzaile asko egon da, eta guztien artean aipagarriena Cornelio Garay Zuazubiskar (1842-1900) aretxabaletarra da.  Oso gazte zela, 1864an, Oñatin pospolo lantegi bat jarri zuen martxan, eta bertan 300 pertsona izan zituen lanean. Pospoloen fabrikazio, banaketa eta salmentaren monopolioa ezarri zenean (1903), instalazioak desjabetu eta Trubiara aldatu ziren.

Cornelio Garay ZuazubizkarCornelio Garay Zuazubizkar, 1864an gaur egun “Hijos de Juan de Garay, S.A.” izeneko lantegia sustatu zuena.

Juan Garay Agirre, Cornelioren semeak, bere aitaren jabetza Estatuari erosi eta 1921ean aterki-armazoiak fabrikatzeari ekin zion, ordura arte inportatu egiten zirenak. Ekoizpen berri horretarako behar izan zen teknologia eta ekoizpen-baliabideak Alemaniatik ekarri ziren. Jarduera hori 1990ko hamarkada arte mantendu zen, eta itxi zen arte (ezin izan zuen Asiako ekoizleen lehia jasan), lanpostu asko sortu zituen.

Hijos de Juan de Garay, S.A.” enpresaren historian (gaur egun horrela izena baitu), aipatzekoa da garai bakoitzean izaten zen eskaeraren araberako produktuak egiten saiatu zirela. Izan ere, aterki-armazoiak egitetik, 1926an altzairuzko hobiak egitera pasa (zehaztasun handiz soldatu eta kalibratuak) eta 1954an kobrezko barra eta profilak egiten hasi baitziren. Garai bakoitzeko egoeraren arabera ere, bestelako tresnak ere egin izan dituzte beren lantegian. Besteak beste, sega-kirtenak, postarako armairuak, Lube motorra (Luis Bejarano), gurpilak eta motorra izan ezik; eta baita lehen Talgo trenaren prototipoa ere. Karlistek sortutako txanpona (1875ekoa), Karlos VII. aldekoa, Cornelio Garay liberalaren lantegian egin zen Oñati okupatuta egon zen bitartean.

Horrez gain, aipatzekoa da, altzairuzko hobiak nahi eta nahiez ekoizten hasi behar izan zirela. Izan ere, Europako lantegietan, makinetako ardatz nagusia, ordura arte egurrezkoa, altzairuzko hobiekin ordezten hasi ziren. Horren ondorioz, fabrikazio-teknikak azkar menderatu behar izan zituzten. Urteak pasa hala, hobigintzak ez zuen aterkigintza ordezkatu, baizik eta enpresa nabarmenki garatzea lortu zuen. Gauza bera gertatu zen Euskal Herriko beste enpresa askotan.

Horrek ere argi uzten du nola transmititzen zen teknologia-ezagutza garai hartan. Lehen esan dugun bezala, hasiera batean, aterki-armazoiak egiteko, Alemaniako teknologia erabili zen, eta horretarako Otto Holke Oñatira joan zen, teknologia hori bertako langileei erabiltzen erakusteko. Geroago, alemaniar adituak makina-erremintekin zuen eskarmentua oso baliagarria izan zen Soraluzeko Sacia lantegiarentzat, 1926an karrakatzeko makinak ekoizten hasi baitziren bertan. Handik urte batzuetara, 1935ean, alemaniar aditu horrek Zumaiako Askar enpresa erosi eta fresatzeko makinak ekoizteari ekin zion.

Sacia eta Askarreko langileak (azken hori Otto Holke izena izatera pasa zen), lantegi horietatik atera eta beste lantegi batzuk jartzeko gai izan dira, batez ere metalak lantzeko era guztietako makina-erremintak egiten diren lantegiak.

Aterkia asko erabili da Euskal HerrianAterkia asko erabili da Euskal Herrian. Tolosa, 1918 (Kutxa fototeka).