Aterki fabrikazioa

XVII. mende erdialdera, Frantzian egindako aterkiek egurrezko kirtena izaten zuten, gehienetan palisandro, lizar, haltz edo haritz zurezkoa. Aterkiek 1,20 m-ko luzera izaten zuten, 80 cm-ko 10 bale-hagaxka, eta 16 eta 36 cm arteko kobrezko urkilak. 1,50 eta 2 kg artean pisatzen zuten, eta 50 eta 60 libera arteko salneurria izaten zuten. Familiak belaunaldi batetik bestera pasatzen zuen tresna izaten zen aterkia.

Historian erabilera anitz izan ditu, baina seguru aski guztietan xelebreena Barben-Dubourgek XVIII. mende bukaeran emandako erabilera izan zen. Garai hartan, Franklinek asmatu berria zuen tximistorratzak ospe handia lortu zuen. Horrenbesteraino, non eskuzko tximistorratz ereduak egin zituzten aterkietan oinarrituta. Horretarako, goiko ertzean burdinazko haga bat jartzen zen, eta hari eroale baten bitartez, haga hori lurrarekin lotzen zen.  Aterki-tximistorratza zeramanak, egurrezko kirtenetik heltzen zuen hau, erabiltzailea isolatuz, eta era berean, euritatik babestuz.

Tresna hori garai bakoitzeko gustuetara moldatzen joan zen. Kirtenaren tamaina txikitzeaz gain, bale-hagaxken ordez egurrezko hagaxkak erabiltzen hasi ziren, eta geroago, altzairuzkoak. Osagaiak sinplifikatzeaz gain, koloretako oihalak ere erabiltzen hasi ziren, eta klase aberatsen artean arroparen osagarri bihurtu zen. XX. mende erdialdera, aterkiak 300 gr inguru pisatzen zituen, eta ordurako, fabrikazio prozesua askoz ere hobea zen. Ondorioz, prezioa ere askoz ere apalagoa zen.

Oñatiko Garay lantegianOñatiko Garay lantegian, eguzkitako baten inklinazioa egiaztatzen, 1970 aldera.