Azken ukituak

Ondoren, hirugarren makina sailera pasatzen dute sardea. Sail horretan langile bakar bat ari da lanean, horrek hortzei forma eta luzera egokia eman ondoren gozatu edo gogortu egiten ditu. Horretarako, langileak sardea gasezko labe batean sartzen du goritzeko; ondoren, kurrika batzuekin helduz pieza aire-presioz funtzionatzen duen tresneria berezi batean sartzen da, sardearen hotz bakoitza zuzendu eta elkarrekin paraleloan jarri arte.

Operazio horren atzetik, langile berak pieza, oraindik bero dagoela, beste prentsa batean sartzen du, piezaren hortz bakoitza makinaren tresna berezi batean kokatu eta lotuz; hartara, hortz guztiak lotzen dituen zubia gelditzen da bakarrik bistan. Tresna horrek bira egiten du eta sardea modu bertikalean jartzen du, hortzak beheraka dituela. Pieza horrela dagoela, prentsak estutu egiten du eta forma egokia ematen dio, hau da, hortz guztiak lotzen dituen pieza edo sorbalda apaintzen ditu. Ondoren, makinaren tresna horrek berriro biratu eta pieza hasierako lekuan uzten du; hortik pieza ateratzen da eta makina bereko beste leku batean sartzen da, hortzen ertzak nahi den tamainan moztu eta guztiak zorrozteko.

Lan horiek guztiak eginda gero, forjariak beste tresna batera eramaten du sardea. Hor, presio bidez, hortz guztiak okertzen ditu behar denaren arabera, eta azkenik, betiere pieza bero dagoela, uretan sartzen du, altzairuari behar duen gogortasuna emateko eta izango duen erabileraz ez okertzeko eta ez gastatzeko. Ondoren iraotzeko labe elektrikoan sartzen du.

Ondoren, laborantzarako prestatutako sardearen hortzak zorrozten dira banan bana. Horretarako, hortzak goritu egiten dira labean eta makina mailukari batekin zorroztu kolpeka. Langile aditu batek egiten du piezari akabera emateko lan hori: hortz bakoitza arakatzen du begiz eta eskuko mailu batekin pieza ingude gainean kolpatuz zuzendu eta hortzak paraleloan jarri behar badira. Langile horrek, halaber, piezari mailuarekin kolpe berezi batzuk  emanez, pieza erabiltzerakoan ez dela apurtuko ziurtatzen du.

Azkenik, sardea granailatu eta margotu egiten da, gero egurrezko giderra jartzeko. Giderraren egurra ohiz lizarra izaten da eta tresna berezi batekin sartzen da presioz sardearen tutuan. Ondoren, biltegira eramaten da bezeroari saldu behar denerako.