Hirurogeita hamar urte sardeak egiten

Ahozko informazio iturrien bidez jaso dugunaren arabera, Sebastián Mendizábal, Cándido Urcelay, Plácido Ugarte eta Francisco Mugarza oñatiarrek 1923an elkartu eta Mugarza, Ugarte y Cía enpresa eratu zuten. Handik gutxira, 1930. urtearen inguruan, Cayetano Ugarte gehitu zitzaien sozietatera. Horrek ordura arte Forjas de Zubillagan lan egiten zuen eta sardeak egiten eskarmentu handia zeukan. Hala, zeramikaren industriarako makinak egiteko espezialitatea zuen enpresa hori sardeak egiten hasi zen fundizioa eta lantegi mekanikoa gehituz bere ohiko jardueretara. 1980. urtearen ingurura, bertan behera utzi zuten zeramikarako makinak egitea.

Patricio Echeverriak Forjas de Zubillagaren antzeko jarduerak egiten zituen ere, beraz lehiakide gogorra zen Espainiako merkatuan. Hala ere, enpresa aipatu berri horren produktu berria abian jartzen lagundu zuen eta produkzio mota horretan ez sartzeko konpromisoa hartu zuen.

Altzairuzko erremintak egiteko Oñatiko Ramón Onraitaren Tailerren katalogoaren azalaAltzairuzko erremintak egiteko Oñatiko Ramón Onraitaren Tailerren katalogoaren azala.

Enpresak bilakaera ona izan zuen hirurogei eta hirurogeita hamarreko testuinguruaren babesean, eta 150 langile ingurura iritsi zen. Gero hartu zuen bidea ez zen hain ona izan, eta 1992. urtearen hondarretan birmoldatu beharra etorri zitzaion eta handik aurrera Herramientas Labrador, SAL bezala lan egiten hasi zen 35 laguneko langileriarekin.

Era berean, 1973an zazpi bazkidek (Juan Urcelay, Jose Errasti, Nicolas Errasti, Pedro Irizar, Pedro Igarzabal, Pedro Goenaga y Ramón Irizar) Onraita Oñatiko enpresa tradizionala erosi zuten. 1881ean Ramón Onraitak sortutako enpresa hori bere koñatu Ignacio Mendiola ‘Patxi’k zuzendu zuen iragan mendeko berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdetik hasita. Enpresa horrek ospe handia lortu zuen ebakitzeko makinen arloan, eta batez ere aizkoren fabrikazioan, Mugarza, Ugarte y Ciak izan zuten antzeko bilakaera izan ondoren. Azkenik, 1993an, Herramientas Labrador taldean sartu zen, azken jarduera horretara zazpi langile gehituz.

Enpresa hori gaur egun, lehentxeago ere aipatu dugun bezala, gure inguruan sardeak egiten duten azkena da. Enpresa horren lantegietan laiak eta arrasteluak egiten dituzte, baita aizkora ospetsuenetakoak ere. Produkzioaren ia hiru laurdena Labrador, Aloña eta El Caballo markekin esportatzen ditu, eta aizkorak Onraita eta RO markekin.

Elorza e Hijos forja lantegiaJada aipatu dugun Elorza e Hijos forja lantegian bertan, langile batek gori-gori dagoen barra bati heltzen dio kurrikekin ingude gainean; aldi berean, bere aurrean dagoen gazte aprendiz bat borra batekin jotzeko prest dago. (XX. mendearen lehen hamarkadako argazkia).