Produkzio-prozesuak: Sardeak

Metalezko sardeak, laborantzako beste lanabes asko bezala, ohiz eskuz egiten ziren sutegietan. Bi langilek forjatzen zuten pieza bakoitza, altzairua ingude gainean jarri eta mailu eta borrarekin kolpatuz. Sardea pieza bakar batekin egiten zuten, altzairuari neurri eta forma egokiak emanez. Lanbide honetan, beraz, oso garrantzitsuak ziren erremintariaren ezagupen eta trebetasuna.

Mugarza, Ugarte y Cia-k 1930ean ekin zion sardeak egiteari, eta forjan lehendik zeuzkan lanaren ezagupen eta tekniketara emeki-emeki irizpide industrialagoak gehitzen hasi zen. Hartara, prozesuaren printzipioak mantenduz, makineria eta tresnak gehitu zituen produkziora, esku-langileak egiten zuen esfortzu fisikoa ordezkatuz. Horrela, lana erraztu zuten alde batetik, eta bestetik, produktu homogeneoagoa lortu zuten neurriei zein forma eta kalitateari dagokienez. 

Langileak eskuz eta txandaka kolpatzen dituzte ingude gainean ipinitako piezakLangileak eskuz eta txandaka kolpatzen dituzte ingude gainean ipinitako piezak. Horiek aldez aurretik ezkerrean ikus daitekeen ohiko labean berotu dituzte. Hondoan espeka ardatzeko gabi bat ere ikus daiteke, hala nola, prentsa mekanikoa dirudien makina bat. Horrek adierazten duenez eskulangintzatik industria bitarteko aldian gaude. (Talleres Elorza e Hijo, 1875ean sortua. XX. mendearen lehen hamarkada).

Data ez badakigu ere, halako batean, sarde hortz zorrotz eta luzeak kolpe bidez egitetik altzairua ijeztuz eta luzatuz egitera aldatu ziren. Altzairu zati bat hartuz, lodiagoa eta motzagoa, aurrez aurre dauden bi arrabolen artean sartzen da; horiek ezentrikoki mugitzen dira eta materialean egiten duten presioaren ondorioz altzairua luzatu egiten da eta nahi duten forma lortzen.

Makina ijeztatzaile hori Mugarza, Ugarte y Cía fabrikak berak asmatu eta egin zuen bere premia eta fabrikatzen zuen produktuen arabera. Aldi berean, enpresa progresiboki beste makina batzuk gehituz joan zen, hala nola, prentsa mekanikoak, fabrikazio prozesuan laguntzekoak. Baina denborak aurrera egin ahala makineria berria sartu badute ere, oraindik orain agerian dira iraganeko lan tekniken arrastoak, eta nola ez, enpresa sortu zeneko forjari artisauen ezagupena, lanbidea eta egiten jakitea. 

Bi langile palen egurrezko giderrak lijatzenBi langile palen egurrezko giderrak lijatzen; hondoan beste batzuk ikus daitezke, dirudienez gider horiek palaren alde metalikoan sartzen. (Talleres Elorza e Hijo, 1875ean sortua. XX. mendearen lehen hamarkada).