Beharrezko energia lortzen

XX. mende hasieran, enpresariek zuten arazo nagusia beharrezko energia lortzea zen. Arazo hori konpontzeko, Francisco Alberdik presa bat eraiki zuen Deba ibaian, lantegiaren ondoan, horrela bere instalazioak eragiteko beharrezko energia lortzeko (gaur egun, presa horrek oraindik zutik dirau).

Hasiera batean turbina hidrauliko bat jarri zuen. Uhal baten bidez, energia zuzenean lantegira eramaten zen, bertan polea eta ardatz sistema bat mugiarazten zuen, eta horrek makinak. Aldi berean, sabaian zegoen ardatz luze batek energia edo mugimendua ondoko lokaletara eramaten zuten. Lokal horiek beste lantegi txikiei alokatzen zitzaizkien, horrela behar zuten energia izan zezaten.

Sistema hori ibaiaren emariaren araberakoa zen. Beraz, lehorte garaian, presaren maila jaisten zenean, lan egiteari uzten zitzaion, berdin zion zein ordu zen, eta laneguna bukatutzat ematen zen. Langileek ez zuten inolako ordainik jasotzen lan egin ezinagatik, eta ezin zuten lanera itzuli presak berriz ere ura izan eta energia lortu arte. Argi dago garai gogorrena uda izaten zela. Lan ordutegi aldaketak ere ohikoak izaten ziren, betiere ibaiaren emariaren araberakoak. Hori zela eta, ohikoa zen goizeko lauetatik eguerdiko hamabietara lan egitea. 1917 edo 1918 aldera, Alberditarrek, energia elektrikoa lortzeko alternadoreak jarri zituzten (75 eta 90 Kilovolt-ampere). Hala ere, beti ez zuten potentzia hori lortzen, batez ere udan edo sikutian.

Okako presaOkako presa, Soraluzeko Alberditarrek hamarkadetan zehar erabili dutena (Argazkia Juan Manuel Berrueta 96/12).