Bizikleta fabrikazioa

Bizikletak fabrikatzen hastea berrikuntza handia izan zen. Izan ere, bizikletak egiteko behar ziren teknologiak erabat berriak ziren, eta ondorioz, ezezagunak, eta horrek, hein handi batean behintzat, betiko ohiturak hausten zituen. Berrikuntza horretan garrantzia handia izan zuen, Eibarren bakarrik ia 300 burdin-eraldaketa lantegi zeudela, eta baita beste 50 lantegi-laguntzaile. Horrez gain, bost galdategi eta hiru sutegi zeuden, gehienbat armagintzan jarduten zutenak.

Hasiera batean, aholkularitza teknikoa behar izan zuten, bate zere frantses teknikariena (Saint-Ètienne eskualdekoa, Eibarren antzeko industria egitura baitzuen), eskarmentu handikoak baitziren. Izan ere, Frantzia izan zen bizikleta fabrikazioari ekin zion lehen herrialdea, eta geroztik, beti izan du garrantzi handia, bai absolutuki baita erlatiboki ere. Esan dugun bezala, beraz, aditu horiek kontratatu zituzten, jarduera berri horri buruzko jakintza erakusteko. Baina teknologia berri horiek menderatzeko funtsezkoa izan zen Eibarko langileen prestakuntza eta trebetasun bikaina. Izan ere, horri esker, eskura zituzten ekoizpen baliabide asko pieza berri eta konplexuak egiteko egokitu zituzten.

Lehen lantegietan bizikleta ekoizpenerako teknologiak menderatu zituztenean, beste lantegietara ere zabaldu ziren. Ondorioz, denbora pasa zen heinean, beste lantegi asko (Zeus, Echasa, CIL, Gamma, Abelux) bizikletak egiten hasi ziren. Urte askotan, Eibarren egiten zen Espainia osoko bizikleta ekoizpena. Horrez gain, bizikleta atal eta osagaien fabrikazioan ere garrantzi handia izan zuen Eibarko industriak.

Garai hartarako, fabrikazio-prozesua oso konplexua zen, pieza asko egin behar baitziren. Egin beharreko eragiketa guztien artean, pauso garrantzitsuena gurpilak muntatu eta lerrokatzea zen, gehienbat emakumeen egiten zuten lana.