Gurpilak muntatzea

Lehenbizi erradioak jartzen ziren (ertz batean okertuta eta errematxatuta, eta bestean  hariztatuta) aldez aurretik muntatutako txirriketan. Emakumeek, egurrezko aulki jarraituetan eserita egoten zirenak, txirrikak ezkerreko eskuarekin hartu eta inklinatu egiten zituzten. Bitartean, eskuineko eskuarekin, txirrikaren 32 edo 36 zuloetan erradioak sartzen joaten ziren. Alde bat bukatzean, txirrikari buelta ematen zitzaion eragiketa bera beste aldean egiteko. Lan hori egiteko ez zen jakintza berezirik behar, baina trebetasun pixka batekin eginez gero, azkarrago egiten zen.

Hurrengo pausoa txirrika eta erradioak hagunean jartzea zen, hau da, gurpila muntatzea. Lan hori aurrekoa baino pixka bat zailagoa zen. Bizikleta fabrikazioari ekin zitzaionean, lana eskuz bakarrik egiten zen, baina ekoizpena handitzen joan zen heinean, prozesua mekanizatzen joan zen.

1940ko hamarkada erdialdera arte, emakumezko langileek, eserita zeudela, haguna belaunen artean edo eskuekin heltzen zuten, eta erradioak (hariztatutako aldetik) errematxe buruetan sartzen zituzten. Erradio horiek aldez aurretik sartzen zituzten zuloetan, eta hariztaketa txiki batekin heltzen zituzten. Azken hori egiteko erabiltzen zen tresna zuloz betetako torloju antzeko bat zen. Barrualdean, luzera osoan hariztatuta zegoen, goiko aldean artekatua zegoen, eta behekoan, berriz, forma karratua zuen.

Eragiketa hori “behetik gora” egin behar zen, hau da, lehenbizi hagunaren goiko aldean zeuden erradioak finkatu behar ziren, balbula ondoan zegoen lehen zulotik hasita, eta erlojuaren orratzen norabidearen kontra, betiere, zulo bat hutsik utziz ("bat bai eta bestea ez". Txirrikaren alde bat bukatzen zenean, beste aldean prozesu bera jarraitzen zen, azkenean, bihurkin batekin errematxe buru guztiak hariztatzen bukatzen zen. Gehienetan, erradio bakoitza beste hirurekin gurutzatzen zen, baina bazeuden bestelako muntaia erak ere.

Eragiketa horren mekanizazioa nahiko motela izan zen, baina 1960 inguruan bazuten barailez hornitutako mahai bat, bertan hagunak finkatzeko. Baraila horiei emakumezko langileek eragiten zieten oinarekin. Erradiodun txirrikak mahai erdian jartzen ziren, eta hagunetako buruak bihurkin automatiko bidez hariztatzen ziren, eta gero eskuz mugitzen ziren mahaian zehar. Gaur egun, eragiketa hori era automatikoan egiten da.