Bukaerako muntaia

Urte askotan, bizikletaren bukaerako muntaia langile bakar batek egiten zuen eragiketa zaila izaten zen. Baina ekoizpena handitu zenean, enpresa garrantzitsuenek (BH, Orbea, GAC), batzuek Gerra Zibila baino lehen, eta besteek gerraostean, muntaketa-katea jarri zuten martxan.

Kate hori sabaitik zintzilikatuta zegoen errei obalatu bat zen. Bertan, kakoetatik zintzilik, bizikletaren koadroa eta eskulekua, urkila eta pedal-ardatza zintzilikatzen ziren (azkeneko biak aldez aurretik mihiztatzen ziren, eta horretarako eskarmentu handi behar zen). Sei edo zortzi langilek ate horren inguruan egoten ziren, bakoitzak bi edo pieza gehiago elkartu eta hurrengoari pasatzen zion bizikleta.

Ohiko modeloetan, koadro, urkila eta pedal-ardatzera mihiztatu beharreko piezak katalina, biela, katea, frenoak, lohi-babesak (emakumeentzako bizikleten kasuan, gona-babesak), kate-estalkiak, eta gurpilak (kamara eta estaldurarik gabe) izaten ziren. Eragiketa bakoitzerako behar zen trebetasun eta eskarmentua oso desberdina izaten zen, baina bukaerako muntaian aritzen ziren langileak “espezialisten” artean kualifikatuentzat jotzen ziren.

Bukaerako muntaian geratzen ziren agerian lan-plangintzako gabeziak. Izan ere, aurreikusitako modelo guztiak muntatu ahal izateko, horretarako behar ziren piezak eduki behar ziren, eta hori askotan zaila izaten zen, kolore asko baitzeuden. Ondorioz, askotan, muntaia-katea "geldi" egoten zen, behar zen koloreko piezaren bat falta zelako.

1950eko hamarkada bukaera eta hurrengo hamarkadaren hasiera aldera, bukaerako muntaia-katean jardunean aritzen ziren langileek 48 pezeta irabazten zituzten 8 orduko lanaldiagatik. Garai hartan, Eibarren, mantenu osoak eguneko 35 pezeta inguru balio zuen. Aparteko orduei esker, egin zitezkeenean bakarrik, izaten zuten langileek aparteko diru pixka bat.