Bokaziozko Maisua

Braulio Buenetxea Manterolak (Zarautz, 1941) oso gaztetan Mutrikura joan behar izan zuen, aitaren lan kontuak zirela eta, hau itsas kaporala baitzen. Oinarrizko ikasketak Gipuzkoako kostaldeko herri horretan egin zituen, eta Eibarko Armagintza Eskolan segitu zuen gero, harik eta 1957an Industriako Maisu titulua lortu zuen arte.

Gazte-gaztetatik marrazki artistikorako zaletasun handia izan zuen, eta gaztetasunaren berezko grinaz aritzen zen horretan bi aholkulari bikain izan zituen, batetik José Martínez Amuategi “Amua (Donostia, 1885 – Urnieta, 1963) marrazkilari bikaina eta, bestetik, Victor Zurundarena Zumalabe (Mutriku 1908-1998) pintorea, Ignazio Zuloagaren dizipulu izana. Azken honi dagokionez, instituzioen aldetik inolako ezagutzarik jaso ez bazuen ere Braulio Buenetxeak berak omenaldi bat eskaini zion, hamarkada bat geroago, tailla alegoriko batez. Buenetxea bera, bi urtez, tailer eta fisika irakaslea izan zen Mutrikuko Lanbide Heziketako Eskolan.

Braulio Buenetxea ManterolaBraulio Buenetxea taillagin maisua bere lantegian. (Argazkia: Javier Carballo).

Ezkondu ondoren, 1967an Zarautza aldatu zen, eta Bombas Itur (bi urtez), Ramon Vizcaino (bost urtez) eta baraila hidraulikoen fabrikazioan aitzindariak ziren Zubiaurreko “Fresmak” lantegietan (sei urtez) aritu zen lanean. 1972tik aurrera marrazkia lantzen segitu, zuraren langintzan hasi eta ibilbide garrantzitsua osatu zuen.

1980an erabaki zuen zuraren lanketan maila profesionalean aritzea, eta dagoeneko 30 urte baino gehiago daramatza horretan, nahiz tarteka beste arte diziplina batzuk ere lantzen dituen. Jose Alberdi taillagin zarauztar bikainaren laguntza ere izan zuen, Brauliok aukera izaten baitzuen Jose lanean ikusteko, eta azkenean honek oparitu egin zizkion erabiltzen zituen lanabesetako batzuk.

Bere bizitza profesionalean zehar banakako erakusketa asko egin ditu, eta erakusketa kolektibo batzuetan ere parte hartu du. Jasotako sariak eta diplomak ere bat baino gehiago ditu, eta beste askoren artean Gipuzkoako Industria, Merkataritza eta Nabigazio Ganberak 1997an eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 1999an emanak aipa ditzakegu.