Denetarako taxi-gidariak

Taxi-gidari zaharrenek gogoan dute lanean aritu ziren urteetan era guztietako egoera bereziak bizi izan zituztela.

Kostaldeko herri bateko taxi-gidariak herriko medikuaren enkargua jaso zuen, distozia zuen eta erditzeko zorian zegoen emakume bat, ospitalera eraman zezan, hark deitzen zion momentuan. Taxi-gidariak lana onartu zuen, zein iskanbilatan sartuko zen jakin gabe.

Egun batzuk geroago, erditzen ari zen emakumeak taxi-gidariari deitu zion, Eibarko ospitalera eraman zezan. Taxi-gidaria berehala jarri zen bidean.

Emakumea jaso zuenean, oso ozen ari zen kexuka, baina taxi-gidariak pentsatu zuen, emakumea andaluziarra izanik, normala zela asko kexatzea, eta arazorik gabe iritsiko zirela ospitalera.

Bi garraiobide oso ezberdinBi garraiobide oso ezberdin, bata bestearen ondoan, Bilbon, 1974an.

Emakumea gero eta gehiago ari zen kexuka, eta taxi-gidariari esan zion han bertan erdituko zuela. Taxi-gidariak ez zuen esandakoa sinistu, baina Elgoibarko Lerun zelaira iritsi zirenean, haurraren lehen negarrak entzun zituenean, egia zela konturatu zen.

Dena ondo bukatu zen, baina taxi-gidariak ez ditu inoiz hurrengo hamar kilometroak inoiz ahaztuko.

Taxi-gidariek nahiko harreman berezia zuten osasun-zentro edo ospitaleekin. Izan ere, askotan, ez zituzten onartu nahi izaten taxian iristen ziren istripuetako zaurituak, asegururik ez baitzuten, edota beste ospitale bat zegokienez “ez baitzegokien beraiei”. Baita ere ohikoa zen taxi-gidariei “oherik ez zegoela” esatea. Kasu horretan, taxi-gidariek arazo larriak izaten zituzten.