Lanbide gogorra

Taxi-gidariek oso lan-baldintza gogorretan lan egiteaz gain (gogora dezagun 1940ko hamarkada arte estalperik gabe egiten zutela lan), mekanika ezagutza zabalak izan behar zituzten. Izan ere, ibilgailuen mantentze-lanak egiteaz gain, konponketak ere egin behar zituzten; esaterako pistoiak errasketarekin doitu. Errepideak oso eskasak zirenez, eta gurpil-azalak birkautxuztuta egoten zirenez, askotan gurpilak zulatu egiten ziren, eta taxi-gidariek bidean bertan konpondu behar izaten zituzten. Askotan, taxi kanpoaldean eramaten zuten ordezko gurpila, hagun sendokoa, ez zen nahikoa izaten zuloa konpontzeko, eta ondorioz, bidaia bakoitza abentura bat izan zitekeen.

Usadioz, taxi-gidari izatera iristen ziren gehienak mekanika-lantegietako langileak izaten ziren, baita kamioi-gidariak ere. Beste kasu batzuetan, horretarako diru nahikoa bazuten, autoa erosi eta semeak aritzen ziren autoa gidatzen. Batez ere herrietan, lan horrekin batera beste jarduera batean ere aritzen ziren, bete-beteko dedikazioa behar izaten ez zuena.

1960ko hamarkada arte, herrietako taxi-gidarien bezero nagusiak medikuak izaten ziren: taxia herri batetik bestera joateko, gaixoak edo zaurituak ospitale edo erietxera eramateko (taxiek anbulantzien funtzio bera betetzen zuten beraz), edota medikua bera baserrietara joateko erabiltzen zuten. Horrez gain, herritarrek azokara, ezkontzatara eta ehorzketetara joateko ere erabiltzen zituzten taxiak. Herritarren erosahalmena hobetzen joan zen heinean, aisia-bidaiak, batez ere Bilbora, gero eta gehiago ugaritzen joan ziren. Oso ohikoa izaten zen taxi-gidariak denbora luzean bezeroaren zain egotea.

Gogora ekarri nahi dugu apaizak hilzorian zegoen gaixo baten etxera elizakoak ematera joaten zenean, taxi-gidariak, belauna lurrean jarrita irekitzen ziola atea apaizari. Apaizak zelaiak bedeinkatzera ere eramaten zituzten.

Taxi-gidariek zuhurtzia handia izan behar zuten, eta landa-giroan ilustratuak izaten ziren, hiriburuan gidari gisa aritzen baitziren.

Taxi1920ko hamarkadako taxi klasikoa. (Fototeka Kutxa).

BizikletaBizikleta garraiobide ohikoena zen 1925 aldera, argazki hau egin zen garaian. Argazkian Azpeitiko plaza ageri da. (Kutxa Fototeka).

Taxi-gidariek, duela gutxi arte, nahiko soldata apala irabazten zuten. Prezioak, 1960ko hamarkada hasiera arte, kilometro bakoitzeko 5 pezetakoak izaten ziren, eta gutxieneko ibilbidea 25 pezetakoa izan behar zen, nahiz eta ibilbide motzagoak egiteko tratuak egin zitezkeen. Gogoan eduki behar da, garai hartan erregai litro bakoitzeko 10 pezeta ordaintzen zirela, eta langile autonomoak zirenez, Gizarte Segurantzako gastuak ere ordaindu behar izaten zituztela. Urteko gutxi gora behera 20.000 eta 25.000 km bitartean egiten zituzten zerbitzuan; gaur egun, berriz, 100.000 km baino gehiago egiten dituzte. Gerra osteko kontrabandoari esker, askotan diru nahikoa irabaztera iritsi ziren.

Herrietan, taxi-gidariek ia familiarteko harremana izaten zuten bezeroekin. Hiri handiagoetan, berriz, taxi-gidariak, zurikerian aritzetik bezeroekin harreman hotza izatera pasa behar izan ziren. Horren ondorioz taxi-gidariak izaera asko gogortu zen, eta maltzur eta pikaroak jasan behar izan zituzten lanean, azken hamarkadetan, baita lapurrak ere.