Oso lan gogorra

Urtero, kontratatutako egurgile-taldeak, berrogeita hamarretik hasi eta ehun koadrila baino gehiago izan zitezkeenak, autobusean joaten ziren Orbaitzeta, Otsagabia edo Izabaraino. Herri haietatik oinez joaten ziren lantokiraino. Gainean lanerako behar zuten arropaz gain, lanerako tresna eta erremintak ere eramaten zituzten, gehienetan beraienak izaten zirenak. Ez da zaila egurgileek beren familiekin pasatzen zituzten azken momentuak imajinatzea. Izan ere, denbora askoan egoten ziren etxetik kanpo: lan-sasoia martxoan hasten zen “San Jose egun aldera”, eta azaro bukaera edo abendu hasiera arte luzatzen zen, eguraldiaren arabera.

Lantokira iristen zirenean, lehenbizi langileek gauak pasa eta lo egiteko txabola egiten zuten. Txabola hark 12 edo 14 metro luzera, 10 metro inguruko zabalera eta bi metro inguruko altuera zuen (txabolaren alde baxuenean). Txabola hura derrigorrez errekasto baten ondoan kokatu behar izaten zen, horrela langileek beren ur-beharra ase ahal izateko (sukaldean aritu, garbiketa egin eta beren burua garbitzeko). Txabola egiteko behar ziren oholak inguruko zuhaitzak moztuz egiten zituzten, eta hormak egiteko erabiltzen ziren. Teilatua egiteko, berriz, gehienetan bike-papera edo zink-xaflak (oso gutxitan) erabiltzen ziren, eta aldamenetan, zirrikituak betetzeko, adar finak eta garoa. Kamainak (ipur arkilak) adarrez egiten ziren. Adar haiekin laukizuzenak egiten ziren, eta egitura haiek lurretik 30 zentimetrora jartzen ziren, lurrean sartutako urkil-formako hesolen gainean. Laukizuzen haien gainean parrilla antzeko bat egiten zuten adarrak gurutzatuz. Horren gainean garo lehorra eta bakoitzak etxetik eramaten zuen manta bat jartzen zuten, horrela Iratiko gau gogorretan bero egoteko. Lan-taldearen tamainaren arabera txabola bat baino gehiago eraikitzen zuten.

Beste lan garrantzitsu bat txabolatik lantokira iristeko bidea irekitzea zen. Urteak joan hala, lantokia txabolatik gero eta urrutiago kokatu behar izaten zen. Lurraren gorabeherak eta klima baldintza zailak zirela eta, egurgileen lana oso zaila izaten zen. Horregatik garrantzia handia zuen egurgile bakoitzak garai hartan eskura zituzten tresnekin zuten abilezia edo trebetasuna.

Hala ere, lan zailena eta arriskutsuena aire tranbia muntatzea izaten zen. Aire tranbia edo teleferiko hori enborrak mozten ziren lekutik ibarreraino jaisteko erabiltzen zen, bertara kamioiak iristen baitziren. Lan-sasoiaren hasieran, aire tranbia egiteko kablea mendira igo behar izaten zen. Lan hori egurgileek egiten zuten, kablea idi edo mandoen laguntzaz arrastaka eramanez. Kablea nahi zen lekura eramaten zutenean, lurrean sartutako enbor lodietan lotzen zen eta animaliek tiratutako txirrika bitartez tenkatzen zen.

Zuhaitzak moztu ondoren, herrestan garraitzeko prestatzenZuhaitzak moztu ondoren, herrestan garraitzeko prestatzen (Irati 1941). (Argazkia Santa Maria de Villarko markesak egindakoa da).

Iratiko basoan, enborrak herrestan zeramatzatelaIratiko basoan, enborrak herrestan zeramatzatela, 1941ean (Argazkia Santa María del Villarko Markesak egindakoa).

Kablean bi gurpiletako gurditxo antzeko bat irristatzen zen. Gurditxo horretatik kate bat eta kako bat zeuden zintzilik. Enbor bakoitza, gehienez hiru enborreko taldetan bilduta, gurditxo horietan zintzilikatu eta aldapa behera bidaltzen ziren. Beherantz zihoan kablearen abiadura gorantz zihoanak geldiarazten zuen. Aire tranbiaren goiko eta beheko geltokietan gurpila bat izaten zen kablea birarazteko, eta horren abiadura eskuzko palanka batekin balaztatzen zen. Kablea gehiegi tenkatzen bazen, gurditxoak gehiegi zamatzen baziren edo enborrak ez baziren behar bezala lotzen, kablea hautsi egiten zen. Horrelako istripuak nahiko larriak izaten ziren, askotan hildakoak ere sorraraziz.

Laneguna “egunsentitik gauera arte” luzatzen zen, igandetan ezik, 14:00 edo 14:30ak arte bakarrik egiten baitzen lan. Esnatu eta gosaldu ondoren, egurgileak lantokiraino joaten ziren oinez (distantziaren arabera 30 eta 45 minutuko bidea izan zitekeen). Lan-tresna garrantzitsuenak aizkorak ziren (Iratin eta Frantzian modelo ezberdinak erabiltzen ziren, baita trontza-zerrak, pikotxak eta palak ere. Aizkorak egurgileenak izaten ziren, eta gainontzeko tresnak, berriz, enplegatzaileak edo azpikontratistak ematen zizkien. Aizkorak hareharriz zorrozten ziren, eta gainontzeko erremintak, berriz, karrakaz.

Eraitsi edo moztu behar ziren zuhaitzei osea bat egiten zitzaien (zirrikitu txiki bat) aizkoraz. Zuhaitz hori moztean, pitzadura edo zirrikituaren aldera erori behar zen, baina hori ez zen beti lortzen. Zuhaitzak mozteko trontza-zerrak erabiltzen ziren, bi lagunen artean maneiatzen zirenak. Zuhaitzak lurrera erortzen ziren momentua arriskutsua izaten zen egurgileentzat, baita zirraragarria ere, enborrak erortzean burrunba handia sorrarazten baitzuten, beste zuhaitzen adarrak jo eta azkenik lurrera erortzen zirenean. Enborrak lurrean zituztenean, aizkoraz edo trontza-zerraz adarrak mozten zituzten (lodieraren arabera tresna bat ala bestea erabiltzen zuten), horrela, idiek eta/edo mandoek uztai eta katez lotutako enborrak kableraino herrestan eramaten zituztenean, enborra lurraren gora beheretan katigatuta geratzea ekiditen zen. Lan-talde batek 6.000 eta 7.000 m3 egur ekoiztu zezakeen sasoi bakoitzean (usadioz, Iratiko basoan tona erabiltzen zen neurri gisa).