Eztia biltzea

Gauza jakina bada ere, aipatu behar da eztiaren ezaugarriak erleek xurgatu duten nektarraren araberakoak direla; horrenbestez ezti mota asko daude (txilarra, milalore, ezkia, artea eta akazia, besteak beste).

Loreetan bildutako nektarra ezti-sabelean gordetzen dute, erlauntzera eraman ahal izateko. Ezti-sabelean hasten dira nektarra ezti bihurtzen. Behin erlauntzera iritsita abarasketako gelaxketan gordetzen dute, eta hauxe izango dute elikagai. Neguan udaberri-udan produzitu eta gordetako eztia jango dute. Ezti horren parte bat da erlezainak jasotzen duena.

Abarasketatik eztia ateratzeko, horretarako lokalean erlezainak, espatula bero batez, kendu egiten du abaraskak estaltzen dituen “argizari birjinazko” geruza, hain zuzen ere Elortza / Zeberio senar-emazteek erabiltzen dutena lehen aipatu ditugun kremak eta olioak egiteko. Ondoren abaraskak zentrifugagailu batean sartzen dituzte; horretan, errotazio indarrez, eztia atera egiten da gelaxketatik.

Hurrena, altzairu herdoilgaitzezko ontzi batera pasatzen dute eztia. Ontzi honek iragazki bat dauka, eztia garbitzeko. 15 / 29 egunetan jalkitzen utzi, eta ontziratu egiten dute.

Euskal Herrian ateratzen den eztiaren parte bat ekologiko jotzen da. Horrek beste eskakizun batzuk dauzka, esaterako erlauntzak dauden tokitik hiru kilometroko bueltan kutsatzailerik, esaterako produktu kimikoak erabiltzen dituzten landaketa-eremurik, ez izatea.

Ezti batzuek, halaber, kalitate maila aitortzen dien labela dute, eta horretarako ere baldintza zorrotzak bete behar dituzte.

Erlezainak Gipuzkoako Erlezainen Elkartean bildu dira, bere interesen alde egitearren.

ErleakErleak. (Argazkia: Javier Carballo).