Felix Uriarte Mandaluniz

Felix Uriarte Mandaluniz lanbide honetan urte asko eman ondoren eskarmentu handia lortu duen itsas makinista da. Arratzun (Bizkaia) jaio zen 1938an. Oinarrizko ikasketak egin ondoren, makinetako ikasle izateko ikasketak egin zituen bere kasa XX. mendeko berrogeita hamarrekoaren bigarren erdian; azkenean, Deustuko (Bilbo) Itsasketa eta Itsas Makinen Eskolan ikasi zuen. Aldi berean, motorrak muntatzen zituen Talleres de Bermeo enpresan; hor motorrak muntatzeaz gain konponketak ere egiten zituzten, hala nola, motorrak arteztu.

Makinako laguntzaile praktikak 1958an bete zituen Pysbeko Bochorno eta Mareiro ontzietan eta lurrunezko makinen praktikak, Monte Naranco baporean 1958-1959ko bitartean. Bigarren milako itsas makinista azterketak 1960. urtean gainditu zituen.

Titulua lortu eta berehala, 1960ko abuztuaren hondarretan, hirugarren makinista itsasoratu zen Pysbeko Huracán ontzian; handik urtebetera Cefiro ontzira aldatu zen eta hor 1961eko azaroaren amaiera arte jarraitu zuen. Gero Naviera Bilbaina itsasontzi enpresako Eolo eta Neptuno on- tzietan jarraitu zuen hirugarren makinista gisa 1962. urteko azken egunetaraino. Sei hilabete egin zituen bakarrik soldadutzan, merkataritza ontzidiko makina ofiziala zelako; soldadutza bukatu ondoren, 1964ko urtarrilean, itsas makinista buru titulua lortu zuen.

Bigarren makinista gisa nabigatu zuen Huracán ontzian eta gero lehen makinista bezala Aquilónen eta ondoren makinako buru gisa La Peñuca itsasontzi izozkailuan; hortik Naviera Bilbaínako Artagán ontzira aldatu zen eta hor jarraitu 1975. urtearen amaiera arte. Hain bizitza profesional luzean sarri egin behar izan zituen iraupen luzeko ibilaldiak, garai hartan ohikoa zenez.

Felix Uriarte

Itsas makinista ondo prestatu eta esperientzia handikoekin sarri gertatzen zenez, 1975. urtean Gipuzkoako Aurrezki Kutxako, gaur egun Kutxa, mantentze arduradun lanposturako lehian parte hartu zuen, eta plaza lortu eta bertan egon zen erretiroa 1999ko abenduan hartu zuen arte. Lanbide horrekin batera Pasaiako Arrantza Eskolako Makina, Motor eta Teknologiako irakasle ere aritu zen, eta hor Eusko Jaurlaritzako fun- tzionariotzan sartu zen 1991. urtetik aurrera.

Felixek gogorarazi digunez, makinako buruak, hierarkiko kapitainaren mendean dagoela, sistema propultsatzailea zuzentze, mantentze eta maneiatzeko ardura dauka, baita argikuntzarako energia elektrikoaren horniketarena eta itsasontziko sistema laguntzaile guztiena ere. Horrek guztiak instalazio guztiak mantentzeko ikusketa prebentiboak eta zuzentzaileak egitea eskatzen du. Lan horrekin guztiarekin bat, makinista izaten da aseguru etxeek egiten dituzten ikusketetako arduraduna, legeak eskatzen dituen ziurtagiriak eguneratzearena eta inbentarioak egitearena.

Itsasontzian joaten diren espezialisten kopurua ontziaren gaitasunaren eta ibilaldien araberakoa izaten bada ere, ohiz makinako buruaren ardurapean egoten dira gainontzeko makinistak, koipeztatzaileak, galdaragileak, argiketari eta makinako praktikak egiten ari diren ikasleak. Horiek egiten dituzten praktikak makinista titulurako azterketara aurkezteko behar diren laneko egunak betetzeko izaten dira.

Makinisten funtsezko lana ontziak behar bezala nabigatzeko egin behar diren lanak egiaztatzea izaten da, baita matxurak atzemateko eta kaltetutako atalak konpontzea ere, ontzian bertan horretarako piezarik ez dagoenean. Lan horretan batzuetan pieza matxuratuak egin behar izaten dira, eta horretarako, makinistek tornua erabiltzen eta tratamendu termikoak ematen jakin behar dut, eta kojineteen “betetze”ak egin behar direnean, soldatzen eta doitasunez ahokatzen.

Feliz Uriarteren iritziz, oro har itsas makinisten ezaugarria ustekabe sortzen diren arazoak beste inolako laguntzarik gabe konpontzeko gaitasuna da, eta horretarako, buru egin duenak erantzukizunak bere gain hartzeko gaitasun erakutsia behar du izan, baita bere menera daudenak zuzentzekoa eta diziplina mantentzekoa ere.