Lurrunetik motorrera

Baina zientziak eta teknologiak aurrerako bidean zihoazen atsedenik hartu gabe, eta lurrunezko makinari motorrak hartu zion txanda; ondorioz itsas makinistek egoera berrira egokitu behar izan zuten.

Rudolf Dieselek XIX. mendearen hondarretan asmatu zuen barne konbustioko motorra, hain zuzen, bere izenaz ezagutzen dena. Handik gutxira, 1904an, petrolio-ontzi bat nabigatzen ari zen sistema berriaren indarrak bultzatuta. Bistakoa da 1914-1918 bitarteko gerrak azkartu egin zuela era horretako motorraren garapena eta ontzietako indar higiarazlea nabarmenki hobetu zela. Gaur egun herrialde garatu guztietan fabrikatzen dira motor horiek, tamaina guztietakoak eta garaian garaiko baldintza geopolitikoen arabera.

Itsas merkataritzako makinisten titulaziorako eskakizunak aurrerakuntza teknologikoetara egokituz joan ziren. Legea bera ere etengabe aldatu zen, adibidez, 1913an, legeak itsasketa eskolak makina espezialitatearen barruan sartu zituen lehen eta bigarren mailako itsas makinisten tituluak. Handik bi urtera, 1915ean, lehenbizikoz bi urteko ikasketak egin behar izatea ezarri zuen legeak itsas makinista titulua lortzeko. Makinista espezializazioak eta ondorioz lortu ziren emaitza onak kapitain azterketatik mekanika aplikatua eta lurrunezko makinak irakasgaiak kentzea ekarri zuten.

Ikasketak nabigazioaren bilakaerara egokitu beharrak halaxe jarraitu zuen ondorengo hamarkadetan ere etengabe aldatuz, baina ikasketa akademikoak gainditu beharrak eta itsasoan praktikak egin beharrak eta azkeneko azterketa gainditu beharrak bere hartan jarraitzen dute.

Ontzi barruko lan baldintzak era nabarmenean hobetu ziren 1920. urte aldera, lehen elkarte profesionalen eta sindikatuen errebindikazioen ondorioz. Ginebrako nazioarteko konferentzian, 1929an egin zenekoan, zortzi orduko gehienezko lanaldia ezarri zen eta gaixotasunei aurrea hartzeko neurriak agindu ziren, baita portuetan egin beharreko egonaldiak arautu ere.