Gabarranta edo gau-arrantza

Kostaldean, gauetan arrantzan egiteko, iluntasunean arroka malkartsu eta arriskutsuetan mugitzeko gaitasuna izateaz gain, argiztapen sistema bat, arpoi bat (arrakasitxa) eta salabardo bat behar dira.

Argiztapen-sistemak nabarmen hobetu dira urteak pasa hala. Hasiera batean kandela batek argitutako eskuargia erabiltzen zen (angulariek erabiltzen zutenaren antzekoa), gaur egun, berriz, karburozko eta butanozko eskuargiak erabiltzen dira. Gabarrantzarako gau egokietan, oraindik ere gure kostaldeko arroka artean argi fantasmagorikoak ikus daitezke.

Arrantzaleak kostaldeko arroken tartean egiten du aurrera, eta horien arteko putzuak argituz, krabarrokak, nekorak, olagarroak eta karraspioak aurkitzen ditu besteak beste. Espezie horiek guztiak bost edo sei puntako arpoiarekin harrapatzen ditu, edo bestela salabardoarekin jasotzen ditu.

Gabarrantza ilberria baino bost egun lehenago egiten da, marea hilean, horrela arrain zuriak harrapatzeko (lupiak, barbarinak, arroketako korrokoiak, itsas-belarriak eta itsas aingirak). Horretarako, arrantzaleak, gorputz erdia uretan duela, itsasoan aurrera egiten du, arrokek sortzen dituzten ildoetan barrena. Aldi berean lo dauden arrainak argiztatzen ditu, eta horiek ur sakonagoetara joateko irteerarik aurkitzen ez dutenean, arrantzaleak arpoia sartzen die. Esan beharrik ez dago, horretarako trebetasun handia behar dela.

Gabarrantzan, eskarmentuaz eta trebetasunaz gain, arrantzaleak beste baliabide gutxi erabiltzen ditu. Horregatik, hein handi batean behintzat, iraganeko arrantzarekin antz handia du. Gaur egun, jateko ordez kirol gisa arrantzatzen bada ere, iraganeko praktika asko mantentzen dira.

Olagarroa harrapatzeko tresnakOlagarroa harrapatzeko tresnak. (Argazkia Amaia Ros).

Olagarroak lehortzenOlagarroak lehortzen, Arronamendi baserrian 1995eko urrian.