Gaur egungo maisuak

La Organería Española S.A., Loiolako San Inazion kokatuta zegoen lantegiko jarduerari hainbat artisauk eutsi zioten. 1997an gutxienez bi pertsonak eusten zioten lanbideari: Jose Antonio Azpiazu Gomezek eta bere semeak, eta bestalde, Bernal eta Kortak. Jose Antonio Azpiazu Gomezek (Azpeitia 1935-10-20) 17 urte zituenetik egin zuen lan Organeria Españolan. Lantegi berean 35 urtez aritu zen jardunean, lanbideari buruzko ezagutza handia eskuratuz, batez ere organoak gozatzeari eta harmonizatzeari buruz. Ondorioz, lan horiek askotan Espainiako leku askotan egin behar izan zituen.

Duela 10 urtez geroztik, bere seme Jose Antonio Azpiazu Mateosekin batera (1966-09-16) egiten du lan. Lan garrantzitsu ugari egin dituzte, besteak beste Madrilgo Palacio Real eta Teatro Realerako, Bartzelonako Palau de la Mùsicarako, baita El Escorial, Granada eta Cádizko hainbat katedral eta elizetarako. Horrez gain, besteak beste Azpeitiko Parrokiako organoa ere zaharberritu dute.

Agustin Bernal (55 urte) eta Benito Korta (53) maisu organogileek Azpeitian dute lantegia. Iraganean ospe handia izan zuten euskal adituek hasitako usadioari eutsi diote eta lanbidearekin jarraitu dute. Batez ere transmisio mekaniko, pneumatiko edo elektrikoa duten organoak jarri eta konpontzen dituzte.

Biak 14 urterekin hasi ziren lanean Organería Españolan. Bernal betidanik harmonizazioan aritu da lanean, eta Korta, berriz, lehenbizi hodiak egiten, eta gero organoak muntatzen.

Agustin Bernal eta Benito Kortaren arabera, organogintzak lanbide asko zituen barne, eta lantegian sail edo ataletan banatzen ziren: hodigintza, elektrizitate, zurgintza, muntaia, gozatze eta harmonizazio- sailak. Horrez gain errementariak ere izaten ziren lantegian, organoak egiteko behar ziren pieza mekanikoak, bakoitzak bere espezialitatekoak, egiten.

Hodigintza atalean oso garrantzitsua zen eztainu eta berun proportzio egokiak zein ziren jakitea, horrela behar bezalako aleazioa lortu eta hodi perfektuak egiteko. Gerra garaian material eskasia zegoenez, kobre eta zinkezko hodiak egitera iritsi ziren. Gehienetan, hodi handienak 32 oin ditu (oin bakoitzak 28 cm neurtzen ditu), eta txikienak, berriz, oin 1. Hodiak gozatzeko piroet izeneko tresna bat erabiltzen zuten.

Zurgintza atalean egurra lantzen zen, eta batez ere kontrabaxuetarako erabiltzen ziren hodi karratu edo laukizuzenak egiten ziren. Soinu egokia lortzeko, maisuak hodien ahoa, muturra, arima eta hortzak diseinatzen zituen. Hodi bat behar bezala gozatzeko, tapoi bat akoplatzen zuen bertan, eta diapasoi bat erabiltzen zuen. Xirula-hodiek (egurrezko hodi borobilak, estalki antzeko bat dutena) ere aho, mutur, arima, hortz eta euskarriak dituzte, nahi den soinua sortzeko funtsezko elementuak horiek baitira. Hodi bakoitzak bere hozkaketa darama, horrela behar bezala gozatu ahal izateko. Halaber, egur eta larruzko hauspoek, leihoak eta leiho-ateak behar dituzte airea sorrarazteko.

Organería Española latengiko sarrera nagusiaOrganería Española latengiko sarrera nagusia, Azpeitiko Loiolako San Inazion kokatua zegoena (Argazkia Pepe Gil).

Benito KortaBenito Korta, organo baten teklak muntatzen (K.L 97/05).

Agustin BernalAgustin Bernal, hodiak gozatzen (K.L 97/05).

Batzuetan, organogile-maisuek organoaren altzari edo kaxaren kanpoko diseinua ere egiten zuten, eta gero zizelkatzaile edo eskultore batek egin eta muntatzen zuen.

Organería Española lantegia itxi zenean, Agustin eta Benitok Bernal y Korta enpresa sortu zuten. Lantegi berrian batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko elizetarako organoak egin zituzten, baina baita Nafarroako, Madrilgo, Granadako, Kanarietako, Mallorkako eta Espainiako beste eliza askotarako eta Frantziako elizetarako.

Bien artean organogile-maisu bikote ona sortu dute, transmisio mekanikoko organoetan (sekretura iritsi arte eragiten diren elementu guztiak mekanikoak dira) eta transmisio pneumatikoko organoetan (aire-balbula bitartez eragiten dira) era guztietako konponketak egiten baitituzte. Transmisio elektrikoko organoak ere konpontzen dituzte, hau da, elektro-balbulak korronte elektriko bidez eragiten dira.

Hodiak, neurri ezberdinetako xirula-hodiak eta abar, aldatu behar dituztenean bitartekoei erosten dizkiete, nahiz eta elementu horiek konpondu eta afinatzen dituzten.