Maisu organogileak

Organoak egin eta konpontzeko, era guztietako ezagutzak behar dira, besteak beste solfeo eta harmonia ezagutzak. Elizaren arau liturgikoen historia eta estiloen ezagutza, baita egurra eta hodien maneiu-teknikena ere behar dira. Organo modernoenak egiteko, elektrizitate eta informatika ezagutzak ere eduki behar dira, azken horiek gero eta gehiago. Horrez gain funtsezkoa da sentikortasun eta eskarmentu handia izatea. Hori lanbidean urteetan jardunean arituz bakarrik lortu daiteke.

Iraganeko dokumentu askok azpimarratzen dute garai batean maisu organogile ugari zegoela Euskal Herrian. Seguru asko, Europa Erdialdeko artisau organogileak Santiago Bidetik iritsi ziren hona, eta bide hartan ere beren ezagutzak transmititu zituzten. XVI. mende hasierakoa da lehen organogilearen aipamena: Cascanteko Juan Martinez. Handik aurrera ehunka organogile agertzen dira instrumentu horiek egin edo konpontzeko Udal eta Elizarekin sinatu zituzten kontratuetan. Hala ere, aipagarria da Euskal Herriko organo asko eta asko beste herrialdeetan egin zirela.

Baita ere aipagarria da organo-joleek eta kapera-maisuek etengabe eskaerak egin zizkietela Udalei organo zaharrak konpondu zitzaten. Izan ere, organo asko horren zaharrak zeuden, non "ia ezin ziren erabili". Horrez gain, askotan aipatzen da Udalak luzamendutan ibiltzen zirela erantzuterakoan, eta batez ere eskatutakoa betetzerakoan, beti “diru eskasia” zela eta.