Iñaki Pradera

Iñaki Pradera Garramiolak (Donostia, 1942) jaioterrian burutu zituen bere ikasketak. Etxeko ohiturari jarraituz, pilotari hasi, eta, 1956ko apirilean, debuta egin zuen Mallorkako Balear pilotalekuan, 16 urterekin. Bi urtez aritu zen bertan jokalari, eta ondoren, 1961. urteko udaran, Euskadira itzuli zen, Durangoko pilotalekuan aritzeko. Urte horretako abenduan, Ameriketako abenturari hasiera eman zion Floridan, Orlando Seminole Jai-Alai pilotalekuaren inaugurazioarekin batera. Dania, Daitona, Mexiko (D.F.), Tijuana, Kalifornia Behea eta Manilako (Filipina) pilotalekuak etorri ziren ondoren. Baina ez zuen Yakartako (Java, Indonesia) pilotalekuan debutatzerik izan azkenean, nahiz eta horrela hitzartuta egon.

Euskadira berriro itzuli, eta artekari hasi zen. Iruñeko Euskal Jai pilotalekuan aritu zen lehenengoz, 1971ko apirilean. Urte horren amaieran Donostiara itzuli zen. Euskal-Jai eta Hernaniko Galarretan aritu da lanean 39 urtez. Enpresa berak ustiatzen dituen bi pilotaleku horietan, erremontea da nagusi. Hala ere, esku-pilotan ere aritu zen Asegarcerekin, bi hilabetez.

Apustuek pilotalekuetako giroan eragin nabarmena dutela nabarmentzen du Iñaki Praderak. Alde batetik, jokoak ematen duen dirua beharrezkoa da ustiatze-enpresaren mantenurako. Bestetik, jokoa ez litzateke berdina izango apusturik gabe. Horren adibide dira apustuak galeraziak dauden iparraldeko pilotalekuak.

Artekariak diru-kantitateen inguruan zuhurtziaz jokatu behar duela ere argi uzten du.

Era berean, artekariek apustulari berrien jokaera aurrez ikusten jakin behar dutela argi uzten du, baita beraien artean “kimika” ona egon behar dela ere. Lehen ikusle gehienak apustu egiten zutela dio Iñaki Praderak, nahiz eta aldakorrak izan diru-kantitateak. Edonola ere, artekariek ez dute inoiz onespen osoa lortzen; beti egongo da errudunen bat behar duen galtzaile bat, epailea dela, pilotaria dela edo artekaria bera dela. Galtzaileek behin eta berriz erabiltzen duten esaldia “ez naiz berriz itzuliko” da, gutxitan betetzen bada ere.

Iñaki PraderaIñaki Pradera, 2000ko irailean, Galarreta frontoian.

Pilotalekuetara doan jendea gozatu eta era berean apustua egiten duten ikuskizun horrek erakartzen ditu orokorrean.

Apustulari batzuek kolore jakin baten alde egitea dute gustuko, eta beren apustuak "babestuko" dituzte, unean uneko emaitzaren arabera.

Ikusle batek esku irekia behetik gora astintzen badu, galtzen doan jokalariaren alde egin nahi duela argitzen digu Iñaki Praderak. Aurkako mugimenduarekin kontrakoa esan nahiko luke. Besoan igurtziak egiteak, berriz, ikusleak kolore urdinaren alde apustu egin nahi duela adierazi nahi du. Igurtziak masailean egiten baditu, gorriaren alde egiteko prest dago. Ikusle askok nahiago izaten du inork apustu egiten ez ikustea; hori dela-eta, bi apustulari mota bereizi behar dira: noizbehinkakoa (herriko jaiak ospatzeko partidetan parte hartzen dutenak, adibidez) eta ohikoa.

On line” egiten diren apustuak artekarientzat kaltegarri izan daitezkeela ulertzen du Iñakik. Azken urteetan sortu den moda berriak ere, jokatzen ari diren bitartean artekariari telefonoz deitzearena alegia, indarra galtzen ari dela dio. Dena den, artekarien jarduera gainbehera dator orokorrean.

Iñaki Praderak azken hamarkadetako erremontista nabarmenen artean honako hiru aurrelari hauek izendatzen ditu: Koteto Eskurra, Pablo Lekunberri eta Raul. Atzelarien artean, Imanol Mugika eta Zumaiako Jon Izagirre.

Erremonte modalitatean punta-puntako artekarien artean badu Iñakik nor nabarmendu ere: Pagoaga, Mugika eta Urkola. Zerrenda horretan ez egon arren, askok jarriko lukete Iñaki Padrera ere hor.