Maria Lourdes Esnaola

Artekarien arten lortu dugun informazioaren arabera, emakume bakarra aritu omen da lan horretan. Beraz, bere nortasuna nolakoa den argi geratzen da, “gizonena den munduan” moldatu behar izateko.

Maria Lourdes Esnaola Etcheverryz ari gara (Deba, Gipuzkoa, 1950). Gaztarotik esku-pilotazale. Ikusle gisa izandako esperientziaz gain,  Mutrikuko pilotalekuan izan zuen estreinaldia; ekonomi administrazioko buru egin zen, izan ere bere aita Jose pilotaleku horren ustiapenaz arduratzen zen elkartearen partaideetako bat zen, eta horrek izendapean lagundu zion.

Maria Lourdes EsnaolaMaria Lourdes Esnaola, artekari lanetan ibili zen garaiko argazkian.

1984. urte amaieran, Pilota Federazioari artekari izateko baimen-eskaera luzatu zion. Hilabetera onespena jaso zuen. 1985. urtean zehar Mutrikuko frontoian aritu zen artekari lanetan. Hala ere, jarduera utzi beharra izan zuen. Izan ere, geroz eta gehiago ziren galdutako dirua ordaintzen ez zuten apustulariak, eta kopuru hori bere poltsikotik eman behar zien irabazleei.

Artekari-lanetan jardundako garaiak oroitzapen onak dakarzkio. Bere iritziz, batez ere adineko pertsonak joaten ziren pilotalekuetara apustuetan parte hartzera. Guztiekin harreman zuzena zuela aipatzen du. Mila pezetako apustuak egitea zen ohikoena. Gainera “puntuak” zeuden,  apustuen zenbatekoa nabarmen gizentzeko.

Mutrikuko pilotalekura ez zen emakume askorik joaten, eta Maria Lourdesen esperientziagatik, emakumearen papera frontoietan soilik lagunarena zela esan daiteke, ez zalearena.