Jose Luis Landa

Jose Luis Landa Ibargurenek (Iraeta. Zestoa, Gipuzkoa, 1958) Arroa-goikoan egin zituen lehen mailako ikasketak. 14-19 urteen bitartean, Zarauzko Frantziskotarrekin ikasi zuen. Batxilergoa amaitu eta elektrizitate (LH) titulua lortu zuen.

Landa jatetxea (Iraeta), askoren ezaguna eta gustukoa, familiarena zen. Pilotari ospetsu eta herri-kirol jokalarien bilgune, ohitura zen bertan apustuak egitea, jokatzen zen dirua bere aita Josek gordetzen zuelarik. Egoera horrek bultzatu zuen Jose Luis artekari izatera, nahiz eta afizio hori zainetan eraman betidanik. Esperientzia handiko artekariek utzi beharra izan dute, lanera eguneratzea ezinezkoa egin baitzaie. Oso kontuan edukitzeko errealitate da hori.

1986. urtean hasi zen artekari, Zumaiako Odieta pilotalekuan. Laster, 25 urte beteko ditu lanbidean. Artekariak autonomoak dira gaur egun, eta, lan egiteko, baimen fiskala behar dute. Herri-kiroletan ere Federazioaren baimena eskatzen zaie. Pilotan, enpresek beraien artekari-zerrenda dute; Aspek 9, eta Asegarcek 8. Ohiko artekaritza-saria %12koa da. Herri-kiroletan artekariak %12a irabazten du, baina proba-lekurako sarreraren bikoitza ordaindu behar izaten du.

Gaur egun, 100 euroko apustua egiten da pilotalekuetan

Gure herrian, norberaren edo beste edozeinen ahalmenak lehian jartzen dituen edozein gertaera ia beti apusturako gogoa pizten duela esaten du Jose Luisek. Normalean, bazkari batekin, afari batekin edo dirutan ordaintzen delarik jokatutakoa. Ez da gaurko kontua. Antzina, apustuak baserrietako nagusien artean egiten ziren. Kasu horretan, idien ahalmenaz lagunduta eta harria jasotzen edo enborra zatitzen zein zen hobeago egiten zen apustu. Egunerokoak ziren betebehar haiek gaur egun kirol-proba bihurtuta ikustea, beraz, ez da ezustean gertatu zen zerbait.

Pilotalekura joaten diren ikusleen artean, soilik kopuru mugatu batek apustu egiten duela dio Jose Luisek. Lotsaz gain, “besteek zer esango ote duten” kezkatzen gaitu. Artekariek momioak ezartzen dituzte, partidua edo erronka hastera doanean; aldatzen joan daitezke baina, jokoak aurrera egin ahala, eta apustularien iritziaren arabera.

Diru kopuru handiak jokatzen dituen apustularia “puntua” da. Garrantzitsuena da apustuetan, eta apustulariek artekariarekin konfiantza izatea funtsezkoa da.

Artekariari telefonoz deitzea ere eman izan da, partida jokatzen ari zen bitartean. Horrela, diru konkretu bat “bere kontura” jokatzeko agindua ematen dio. Sakelako telefonoak merkaturatu zirenetik, artekariek jasotzen duten dei-kopurua finkatu egin da edo gutxitu.

Oro har, artekariek lanbide bakar izaten dute berea, nahiz eta zenbait kasutan beste zeregin batekin tartekatu. Gutxi direla kontuan izanda, ez dute elkarterik sortzen.

Artekariaren izaerak eragina du bere lanean, beste edozein lanetan gertatu ohi den bezala. Zaleen errespetua jaso ahal izateko “psikologia pixka bat” eduki beharko dute, eta ondo asmatu apustu bat nori onartu. Beraiek dira apustuaren irabazleari ordaintzen diotenak, galtzaileak zorra ordaintzen ez badu ere. Apustuan zertan ari diren ongi dakiten ikusleak eta joko zale gaixo bizi direnak bereiztea garrantzitsua da; baita galtzaileen erreakzioak ondo eramaten jakin ere. Jose Luisen hitzetan, “on line” egiten diren apustuak, mesedegarri izan daitezke.

Erremontean Koteto Ezkurra ohiz kanpoko jokalaria omen da Jose Luisen ustean. Esku pilotan, berriz, Titin IIIak eta Retegi IIak erakutsi duten profesionaltasuna nabarmentzen du, baita Oreja III, Olaizola II eta Irujo aurrelarien eta Ladis Galarza atzelariaren dotoretasuna ere.

Lan hau guztia egiteko, Javier Carballoren aholkuak eta ekarpenak oinarrizkoak izan dira.