Lan prozedura

Altzari kopuru handia apaintzen zuten eta mota askotakoak gainera, esaterako oheak, mahaiak, mahaitxoak, kontsolak, armairuak, komodak, arasak, markoak, liburutegiak, aulkiak, besaulkiak eta kutxak. Altzari horien zati batzuk apaindu egiten ziren figurak, loreak, marrazkiak, irudiak eta abar erabiliz. Bezeroek ezaugarri eta estilo zehatzetako tailak eskatu ohi zituzten pieza horietarako, eta berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean estilo ezagunenak Luis XV, XVI, Ingelesa, Kubista, Berpizkundea eta euskal estiloa ziren.

Joan den mendeko berrogeita hamarreko hamarkadara arte erabiltzen ziren material nagusiak bertakoak izaten ziren, batez ere intxaurra eta gerezia, eta gutxiago urkia, haritza eta gaztaina. Horiek guztiak egur biltegi espezializatuetan erosten ziren edo Landetako zerrategietan. Egurrak 12/14 gradu inguruko hezetasun maila erlatiboa izaten zuen. Egurra Gineatik ekartzeak ez zien tailagileei ekarpen handirik egin, ohituta baitzeuden material desberdinekin lan egiten.

Tailagileek normalean gela espezifiko batean lan egiten zuten, ebanistek erabiltzen dutenaren antzeko mahai baten gainean. Hala ere, mahai hori altuagoa izaten zen eta ongi argiztatua egotea komeni zen. Lanabes ugari izaten zituzten.

Tailatu beharreko egurra mahaiari lotzen zioten sarjentak erabilita. Ondoren beraiek prestatutako edo beste norbaitek emandako marrazkia kalkatzen zuten egurraren gainean presionatuta. Horretaz gain, konpasa oinarrizkoa zen egoki neurtzeko. Tailagilea mahaiaren aurrean jarrita, makurtuta, lanean hasten zen lehendabiziko arbastua eginda. Hori egindakoan, tailatzen hasten zen, zehaztasun handiz, tresna egokia esku batekin eutsi eta landu beharreko zatian jartzen zuen, beste eskuan zuen mazo edo hargin mailuarekin kolpatuz. Lana beti “zainaren aldera” egiten zuen eta “tailatutako zatiaren distira” ikusten joaten zen eta lanean nola jarraitu behar zuen.

Ordu askotan zehar prozesu hori behin eta berriro errepikatuta artisauak nahi zuena lortzen zuen eta “ongi” eginez gero leuntzea ez zen beharrezkoa izaten lana behar bezala bukatzeko. Akatsik eginez gero askotan ezin izaten horiek ziren zuzendu, eta horrek lanaren kalitatean eragin txarra izaten zuen.

Azken emaitza tailagilearen ezagupen eta trebeziaren araberakoa izaten zen. Ezin dira bi apaintze lan berdin aurkitu; izan ere, lan bakoitzak bere ezaugarriak ditu, edo hainbat ñabardura behintzat, beste lanetatik bereizteko balio dutenak.

Tailagile kualifikatuenek sormen handia izaten zuten, hainbat estilo nahasten baitzuten, eta forma berriak asmatu ere bai. Horien lan asko benetako artelanak dira.

Tailagileek ez zituzten normalean haien lanak sinatzen, baina bada salbuespenik, Hilario Epelde eta gaur egun Mikel Sanjuan, esate baterako.

Lan eskasia” izaten zen garaietan tailagile batzuk maketak egiten zituzten.