Lanerako erreminten garrantzia

Erremintek lanbide askotan garrantzi handia dute, are handiagoa tailagileen kasuan. Ohikoa zen katalogoak erakustera bisitan joaten zitzaizkien fabrikatzaileen ordezkariei eta komertzialei erostea, baina Bilboko eta Donostiako burdindegiek ere hornitzen zituzten. Jatorri ingeles, alemaniar edo suitzarra zuten lanabesak kalitate bikaina zutelako iritzia oso zabaldua zegoen.

Gabino Aizpuruk gogoratzen du erremintak Azpeitiko Guibert Burdindegian erosten zituztela (1950. urte inguruan gubia bakoitzak 3 pezeta gutxi gorabehera balio zuen) eta Bilboko zapi kaleko Casa Lunako saltzaileei, erreminten komertzializazioan espezializatuak.

Manuel Sanjuanek ere garrantzi handia ematen die erremintei, eta horien artean azpimarratzen ditu, duten kalitatearengatik, “London” izenekoak, Frantziako Peugeot, IMES (suediarra) eta Ingalaterrako Taylor, Bellota markarekin merkaturatua.

Gerra ondorengo urteetan Espainian zailtasun handiak zeuden tailarako behar ziren lanabesak inportatzeko. Hori dela eta, era industrialean hasi ziren fabrikatzen. Lan horretan nabarmendu ziren enpresen artean Kataluniako Mifer dugu.

Tailagile kualifikatuenek lanerako erabiltzen zituzten tresna batzuk fabrikatzen zituzten, hortzak batez ere, lana hobeto egiteko edo denbora gutxiago erabiltzeko. Horiek egiteko abiapuntua egurra mozteko zerretako orriak edo zerra mekanikoak izaten zen (nahiz eta hori egokiena ez izan), eta horiei hortzak kendu ondoren lanerako behar zuten forma ematen zieten urratzeko haginez hornitutako leuntzeko makina erabilita.

Lanerako tresna ugari erabiltzen ziren, gehienbat itxura eta neurri desberdinetako gubiak (gubia-izkina, erdibiribila, lauak, “kañoiak”, ukondoak, kontra-ukondoak… besteak beste), trintxak, hargin mailuak (egurrezkoak eta letoizkoak), konpasak, eskuairak, arraspak, zur zizelak eta hortzak. Horietaz gain, tresna berezi batzuk erabiltzen zituzten hainbat lanetarako.

Merkatuan erositako tresnei zein norberak egindakoei gehienetan egurrezko kirtena jartzen zieten. Behin materiala aukeratu eta neurri egokira moztuta (neurria aldatu egiten zen tresnaren arabera) erditik puskatzen zuten eta zati bakoitzean edo zati bakar batean beheragunea egiten zuten. Tresnaren zati bat beheragunean ongi sartzen zela ikusitakoan, bertan ahokatzen zuten miru-buztana erara, eta kolatu egiten zuten pieza zurrun bat lortuta.

Tailagileentzat garrantzizkoa zen oso lanerako tresnak egoki zaintzea, eta batez ere ongi zorroztea, eta hori adierazten duen ondorengo esaldia dugu “el que no sabe afilar no sabe tallar”. Pultsuan zorrozten zituzten esmeril-harri txiki batean, eta ondoren “gelditzen ziren markak” eskuz kentzen zituzten “Norton” harri txikiak erabilita.