Tailagile nabarmenak

Pablo Alkorta Aizpuru (1928), Zarauzko San Pelayo auzoan jaioa, eta Remigio Lertxundi Ibargoyen (1930) eta Donato Intxauspe Etxabe (1932), jaiotzez oriotarrak eta orain dela urte asko Zarautzen bizi direnak, tailagile nabarmenak dira oso. Hirurek lan bizitza osoan zehar burutu zuten lanbidearekiko harrotasuna adierazten dute, eta oraindik ere neurri handi batean lanean jarraitzen dute euren gogobetetzerako.

14 urte bete zituenean, tailagile aprendiz  sartu zen Pablo Muebles Arruti enpresan, Zarautzen eta inguruetan Palacio del Mueble izenez ezaguna. Lantegi horrek lan espezialitate honetako hamar artisau zituen eta inguruetako tailagile gehieni ematen zien lana. Sei urte beranduago Jose Alberdirekin (Garrastazu y Odriozola enpresan aritua) hasi zen lanean. Garai horretan artisauek egindako altzarien demandan murrizketa handia eman zen eta horretan zerikusi handia izan zuen seriean egindako fabrikazioak (enpresetan astean hiru egunetan egiten zen lana, 1933/34 urteetan gertatu zena errepikatuta). Horren ondorioz, berrogeita hamarreko hamarkadaren bukaera aldean beregain hasi behar izan zuen lanean, lehendabizi Azken Portuko lokal batean eta ondoren Zaldibe-baserrian.

Donato Intxausti Etxabe Donato Intxausti Etxabe tailatzen.

Remigio Lertxundi Ibargoyen Remigio Lertxundi Ibargoyen tailagile oriotarra, trainerua egiten.

Garai hartan, emaztearen laguntzaz egin zituen altzariak fabrikatzeko egin beharreko lan ugari. Pablok gogoan du “Astea luzea zan, baño illa motza” esapidea, garai hartako zailtasun ekonomikoen adierazgarri. Aipatu beharra dago altzari mota hau egiteko hainbat ogibide menderatu behar direla (marrazki eta diseinua, zurgintza, makinista, bernizadura, besteak beste). Egiten ari den altzari motaren arabera bada ere, altzari bat fabrikatzea hilabete batzuetako lana ere izan daiteke.

Remigio berriz, hamabi urte zituela hasi zen tailagile-aprendiz Arin y Embil enpresan. 1887. urtean Orion sortutako enpresa zen hori, eta hasiera batean egurrezko ontziak fabrikatzen bazituzten ere, 1902. urteaz geroztik altzarien fabrikazioan espezializatu ziren. Ikasteko grinak José Esnal Orioko enpresara eraman zuen, eta bertan jardun zuen hamarkada batean tailagile gisa lanean. Gainera arloko beste lanbide batzuetan ere aritu zen (ebanista, makinista eta abar). 1961. urtean, irten zenetik hamazazpi urte pasatu ondoren, Arin y Embil enpresara itzuli zen, eta han hogei eta lau urtez aritu zen lanean, erretiroa hartu arte, hornikuntza eta produkzioa antolatzeko lanak eginez. Bi urtez zurgintza-irakasle ere jardun zuen Zarauzko lanbide-lantegietan.

Donato Intxauspe lan bizitza osoan izan da tailagile. Aprendiz hasi zen, lanbide honetan ohi den bezala denbora luzez, kualifikazio goreneko maila lortu arte. Hamalau urte zituela hasi zen lanean Arin y Embil enpresan. Zortzi hilabete pasatuta, Orioko Muebles Aramendi enpresara pasa zen. Jarraian Jose Esnal enpresan hasi zen eta han hamalau urte eman zituen. Azkenik lehenengo lantoki izan zuen Arin y Embil-era itzuli zen eta han jubilatu zen hogei eta bost urte pasa ondoren.

Zarautz eta Orioko eremuan gailentzen diren tailagileen zerrenda luzea bada ere (1909-2001), aipatu beharrekoak dira Jose Alberdi, arestian aipatu duguna, Santos Azpeitia (1926), Artezaleak-en eskolak ematen dituena, eta Mariano Gereka (1929).

Inguruetako tailagileen jardueran eragina izan zuten beste batzuk Arabako Emiliano Virgala, Donostian bizi dena, eta Angel Aguirre,  Muebles Arrutikoa dira. Azken horrek 100 tailagiletik gora zituen Frantziako enpresan batean lan egina izatearen bermea zuen.

José Alberdi Tailagileen irakasle den José Alberdi.

Santos Azpeitia Santos Azpeitia, busto bat modelatzen.

Altzariak tailatzen aritu ez diren espezialisten artean azpimarratzekoa da Braulio Buenetxea Manterola, jaiotzez mutrikuarra eta Zarautzen bizi dena.

Era berean, Azpeitian ere tailagile nabarmen ugari izan da. Hala eta guztiz ere, seriean egindako altzarien fabrikazioa Zarautz eta Orion baino askoz lehenago sartu zen, eta horrek lanbideari kalte handia ekarri zion.

Gabino Aizpuru Odriak (Azpeitia, 1923) tailagile-aprendiz hasi zuen lan bizitza 1937. urtean, 14 urte zituela, Ignacio Lasarekin (Muebles Lasa). Enpresak espezialitate honetako beste lau artisau zituen. Han hamabi urte eman ondoren (horietako bi soldaduskan eman zituen), Fernando Olaizola “artistiezat” jotzen zuenarekin (1922) hasi zen lanean, beste hamar tailagilerekin batera. Zenbait enpresarentzat egiten zuten lan, batez ere Muebles Erostarbere, hasieran Elgetan eta geroago  Oikian kokatutako enpresa.

Berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, zehazki esateko 1953. urtean, izan zen lan eskasiak behartuta kontsolak, mahai txikiak, aulkiak ispiluetarako markoak eta pertxak, “auxiliarrak”, besteak beste fabrikatzen aritu zen. 1962. urtean arlo bereko Euskalduna kooperatiban sartu zen. Kooperatiba hori Danonan sartu zen 1970. urtean, eta horrek Gabino Aizpururi taila utzi beharra ekarri zion. 15 urte beranduago erretiroa hartu  zuen. Gaur egun tailan jarraitzen du dirua irabazteko xederik gabe.

Gabino Aizpuruak gogoratzen du Azpeitian altzarien fabrikazioa hiru enpresa handi (Damaso Azkue, Aguirre Hermanos eta Azkue y Compañía) eta tailer txiki askoren artean burutzen zutela. Tailer horietako langileak bere kasa jartzeko enpresa handiak uzten zituzten profesionalak izaten ziren. Ohikoa zen tailer horiek makineriarik ez izatea, eta egin beharreko mekanizazio lanak jarduera honetan espezializatutako Belokiri azpikontratatzen zizkioten.

Manuel Sanjuan Santos (Irun, 1928) sendiarekin joan zen Azpeitira 1939. urtean, 11 urte zituela. Inguru haietan ohikoa zenez, gerra ondorengo urte gogorretan, etxean espartinak egiten jardun zuen. 16 urte zituela Aguirre Hermanos enpresan sartu zen, eta egurrean tailatzen ikasten hasi zen Valladolideko Paco Alonsorekin. Gogoan du bere anaia Luis (1926-1986) ere izan zuela irakasle.

Mariano Gereka Mariano Gereka armarriak tailatzen.

Manuel Sanjuan Manuel Sanjuan tailagilea, Irunen jaio eta Azpeitian bizi dena.

Zortzi urte pasa ondoren, 1952.ean Uruguayra joan zen eta lanbide honetan jarraitu zuen. “Oso maisu onak” izan zituen, frantziarrak, italiarrak eta espainolak. Handik itzultzean, 1965. urtearen bukaeran, autonomo gisa hasi zen. 1993. urtean erretiroa hartu zuen. Gaur egun, egur tailarekin jarraitzen du, baina aisialdirako jarduera gisa.

Ondorioztatu daiteke Zarautz eta Orion egiten ziren taila lanak kalitate maila gorenekoak zirela, eta Azpeitiko langileak “oro har motzak izaten ziren serieen taila onak” egiten espezializatu zirela. Dagoeneko aipatu ditugun tailagile nabarmenekin batera aipatu beharrekoak dira Jose Egibar azpeitiarra, Zarautzen eta beranduago Venezuelan lanean aritua, eta Jose Esnal Errasti oriotarra, ebanista eta “altzarigile handia” kontsideratua.

Mikel Sanjuan Aizbitarte (Azpeitia, 1968) Manuelen, bere aitaren lanbidean dihardu. Ia jolasa zen beretzat hasi zenean, eta hamazazpi urte zituela profesionalizatu egin zen. 1993. urtean autonomo izatera pasa zen. Fernando Olaizola aipatzen du irakasle gisa eta Lorenzo Ascasibar eskultore gasteiztarra ere bai. Marrazkiaren teknika menperatzeak eta buztinaren erabilerak lagungarri izan ditu. Azpeitiko artisau tailer txiki eta atsegin batean aritzen da lanean.

Serie labur eta kalitate handiko altzariak egiten eta oparitarako eta oroitzapenezko artikuluak apaintzen espezializatu da. Burutzen dituen lanen kopuru handi bat gaztaina eta gerezi egurrez egindakoak dira, partikularren eskariz eginak. Aipatzen duenez, altzarigileentzat lan egiten duenean, oso zaila da prezioak ezartzea; izan ere, ekonomikoki konpentsatu behar dio eta, era berean, bezeroak mantendu behar ditu.

Hunkigarria da eta adierazgarria oso, haren seme Antxon (1998), bere adinera egokitutako tailagile mahaian lanerako erremintekin jolasean ikustea.

Fernando Olaizola Fernando Olaizola tailagileak eragin nabarmena izan zuen jarduera honetan XX. mendearen erdialdean.

Mikel Sanjuan Mikel Sanjuan.