Larruzko bizkarra duen liburua koadernatzeko prozesua

Juan Carlosen lantegian lantzen diren ondasun ugari guztien artean, larruzko bizkarra duen liburu berri edo antzinakoaren koadernaketa prozesua gaingiroki azaltzeko aukera egin dugu. Prozesu hori, lehenago ere esan dugunez, neketsua eta lantsua izaten da, artisau erara egiten delako. Gogorarazi beharra dago, berebat, zaharberritzeak lan gehiago eskatzen duela koadernaketak berak baino.

Koadernaketan lehenbizi pleguak edo koadernotxoak aztertzen dira, nolako egoeran dauden jakiteko eta beharko balitz, ordenatzeko eta ondoren prentsan sartzeko. Ondoren, bizkarra zerraz moztu eta liburua josten da bastidorean, bizkarrari kola ematera jo aurretik. Gero, hasiera eta amaierako babesak jartzen zaizkio.

Prozesua jarraituz, liburua mozten da, ahal bada, gillotinan; aurrealdetik moztu behar da lehendabizi liburua, ondoren oinetik eta azkenik, burualdea, kaina erdi itxura eman (bizkarra biribiltzea) eta "cajo"a ateratzeko (bizkarraren eta liburuaren arte dagoen irtengunea). Ondoren, kartoiak mozten dira, hariak arraspatu eta horiek eta kartoiak josi edo lotu. Bizkarra egin ondoren liburuaren barrualdea prestatzen da, nerbioak eta bizkarreko larrua jarriz eta beheratuz (chiflar); ondoren kola ematen zaie elkarri itsasteko. Gero, gainontzekoari tapak edo azalak jartzen zaizkio eta azkenik, horien barrualdeko babesak jarri. Babesak itsatsi ondoren, azaletako larrua garbitu eta leundu egiten da; azkenean, liburua estanpatzen edo inprimatzen da eta aurreikusitako apaingarriak jarri.