Lineak muntatzea

Energia elektriko hornitzeko espezialitatea zuen enpresa batek erabakitzen zuenean produkzio zentro bat kontsumo zentro batekin lotzea, talde teknikoak erabakitzen zuen linearen trazatuak nondik nora joan behar zuen eta linea horren euskarriak (posteak) non jarri behar ziren. Baina garai hartan eskuragarri zegoen kartografiak ez zuenez behar zuten informazio guztia jasotzen, euskarri horiek non jarri erabakitzeko, trazatu guztian zehar ibili behar izaten zuten. Lineak jartzerakoan, lerro zuzenak jarraitzeko ahalegina egiten zuten, ahal zenik eta euskarri eta kable (garai hartan oso garestiak) gutxien erabiltzeko, nahiz eta horretarako eskulan (kostu txikikoa) gehiago erabili behar izan; ondorioz, lineak lerro zuzenak jarraituz muntatzeak lurraren gorabeherak (mendiak, ibaiak, sakanak, eta abar) gainditu beharra eskatzen zuen; kontuan izan behar baita norabidea aldatzeko, euskarri gehiago eta lodiagoak erabili behar zituztela eta horrela egiteak asko garestituko zukeela linea bera. Lineak jartzeko, lehenbizi, zamatzaile, egurgile eta bide-garbitzaileak joaten ziren beren mando ilara eta guzti bidea egitera, gero atzetik joaten ziren bide bera egiten linea-jartzaileak.

XIX. menderaino linea elektrikoak lurraren gorabeheretara egokituz jartzeko erabiltzen zituzten poste gehienak egurrezkoak izan ohi ziren; ohiz Pirinioetako pinua izaten zen edota Europako erdialde edo iparrekoa. Garaiera handikoak behar izaten zituztenean, poste horiek 17 metrorainokoak ere izan zitezkeen. Poste horiei kreosota ematen zieten (horrek ematen zien, hain zuzen, poste elektrikoei, ohiz izaten zuten usain txar eta ezaugarria), ez usteltzeko. Bertoko akazia eta gaztaina ere erabiltzen zituzten, gutxiagotan bada ere. Lurrean sartu behar izaten zuten zatia erre egiten zuten azaletik. Garrantzi handiko lineak jarri behar zutenean, euskarriak egitura metalikoz egiten zituzten; horietan ezagunena “Gilda” motakoa zen (jakina bere formengatik); hormigoia ere hasi ziren erabiltzen, batez ere euskarrien oinarriak egiteko.

Posteak garraiatzenPosteak garraiatzen. (Julen Zabaletaren marrazkiak).